https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Herri kirolak ardatz dituen 'Bostekoa' saioa martxan da

Herri kirolak ardatz dituen 'Bostekoa' saioa martxan da

Aitor Zubietak gidatutako saioan, astero, bi herri izango dira nor baino nor gehiago sokatiran, harria jasotzen, txingak eramaten, trontzak mozten eta giza proban

EL CORREO

Igandetik herri kirolen mundua barrutik ezagutzeko aukera dugu ETB1en eta eitb.eus-en Aitor Zubietak atzotik gidatzen duen 'Bostekoa' saioaren bitartez. Esan bezala, atzo izan zen astero bi herri erakutsiko digun programaren debuta eta bertan sokatiran, harria jasotzen, txingak eramaten, trontzak mozten eta giza proban adituak diren profesionalak izango ditugu. Talde bakoitzeko bost lehiakideak eta horiek herri kirolekin duten lotura ezagutuko ditugu, baita euren herria eta inguruko jendea ere.

Zortzi herrik hartuko dute parte Etxarri Aranazko pilotari ohiak aurkeztuko duen saioan: Abadiño, Azpeitia, Elorrio, Errezil, Ibarra, Goizueta, Leitza eta Tolosa. Herri bakoitzak talde bana izango du, bost lehiakidez osatutakoa, eta bost kiroletan neurtu beharko dituzte indarrak. Talde irabazleak 5.000 euro jasoko ditu, eta, horrez gain, Herrien Arteko Pentatloi Txapelketako txapela jantziko du.

Programa bi zatitan banatuko da. Lehenengo zatian, Aitor Zubietak egun batzuk igaroko ditu lehiatuko diren bi herrietan. Lehiakideak eta horiek herri kirolekin dituzten harremanak ezagutuko ditu. Gainera, euren inguruko jendearekin solasean ariko da, eta herriko jendea eta txokoak ezagutuko ditu. Oro har, herriak eta lehiakideak ikus-entzuleengana gerturatzea, lehiaren aurreko giroa berotzea eta ikusmina piztea izango dira helburu nagusiak.

Saioaren bigarren zatia, berriz, lehiaketa bera izango da. Lehiakideek, esan bezala, bost probatan neurtuko dituzte euren indarrak. Batetik, sokatiran ariko dira: bi tiraldi egingo dituzte, eta hirugarren bat, berdinketa baldin badago. Harria jasoko dute gero: 63 kiloko harria hamar aldiz altxatuko dute. Ondoren, txingen txanda izango da: 25 kiloko txingak hartuta, hiru joan-etorri egin beharko dituzte (sei plaza, guztira; plaza bakoitzak 21 metro ditu). Hori amaitutakoan, trontzan jardungo dute: bost mozketa egin beharko dizkiote 45 ontzako perimetroa daukan pinuaren enborrari, eta euskal zerra erabiliko dute horretarako. Azkenik, giza proba egingo dute: 470 kiloko bi harri egongo dira, eta talde bakoitzak bi plaza egin beharko ditu harri bakoitzarekin. Denbora izango da probak irabazi edo galtzeko gakoa, proba guztiak burutzeko denbora gutxien behar duen taldeak egingo baitu aurrera.

Herri kirolak ikusaraztea eta ikus-entzuleei hurbiltzea da saioaren asmoa, eta, hein berean, emozioz betetako programa entretenigarria eskaini nahi du ETBk. Taldekideen artean, berriz, denetariko profilak ikusiko ditugu, herrien arabera.

Herriko irratia saioaren haria

Bestalde, programaren haria irratia izango da. Hau da, herri bakoitzean, tokian tokiko irratiak lagunduko du Zubietaren eta lehiakideen esperientzia kontatzen, bai programan zehar, baita lehiaketan bertan ere.

Bi herrien arteko lehiaketa Birleko probalekuan jokatuko da, Mungian. Lehenengo final-laurdenetako neurketetan, hauek ikusiko ditugu nor baino nor gehiago: Ibarra-Tolosa, Elorrio-Abadiño, Leitza-Goizueta eta Azpeitia-Errezil. Elkarren artean jokoan hasi aurretik, mokoka izaten diren herriak jarri dituzte aurrez aurre. Herri horietako lauk finalerdiak jokatuko dituzte, eta, azkenik, final handia jokatuko da.

Temas

Euskera