Heriotza, amama, merkataria eta judu herratua
Gaur eguneko euskal literaturan, Anjel Lertxundi izan da heriotza pertsonaia gisa gehien erabili duen idazlea
Heriotza pertsonaia gisa agertzeko literatur kontaketa batean baldintza bat bete beharra dago. Narrazioak irudipen alegorikoa behar luke izan, eta horrela heriotzak joka lezake bizidunen papera. Gainera gure hizkuntzan heriotza guk jasankorra da, norberari gertatzen zaiona, eta ez eraginkorra. Beraz, pertsonifikazioa egiteko erraztasunik ematen ez duena.
Zail xamarra izan zait gogoratzea euskal literaturan heriotza gizaseme gisa ageri den kontakizunik. Eta hara hor bada, azkenean poesian topatu behar bila ari ginena. Edgar Allan Poeren gutunaren ipuin hartan gertatzen zen moduan bistaren aurrean nuen heriotza gizakiz jantzitako poema.
Xabier Lizardirengan (1896-1933) bada herioren irudikapena. Bihotz Begietan liburuko 'Asaba zaharren baratza' poeman, poeta sartu denean baratzean han ikusi du amona, 'alderoka' datorrela, ondoan duela laguntzaile berezia: Heriotza: «Baratz-erdian dut arki/ amona: alderoka dator,/ begi galduak nora-nai…/ Eriotzak dakar besalagun,/ bere buruz ezpaita gai». Alzhermeinaren lehen adibidea euskal poesian. Zer gaixo du bada amamak? Nola deitu oraina iraganarekin nahastu duen eritasuna? Hala dio poetak: «Zaarrez birrumetu danez-gero/ menbeko darabail leenak». Lehena ezagutzen du. Eta «billoba» ezagutu gabe, «gaixoa» deituz, beste norbait darabil buruan.
Lizerdirengandik asko urrundu gabe, Esteban Urkiaga, Lauaxetaren (1905-1937) Arrats Beran liburuan ageri den 'Kiñuba' poemak heriotzaren irudikapen zehatza darabil. Printzearen Ministroa ('Bakalgayak' eta 'Bakaltseña' dio garbizaletasuna besarkatuz testuak) baratzean dago, loraz inguraturik, zoriona inguruan, edertasuna bidean. Eta bat batean, hara non: «¡Orra, laño begiz,/ Erijo ori dabil!/ ¡Erijo anderak kiñua bai ankerra!». Historia ezaguna da. Heriotzak Ministroa ikusi duenean, keinua egin du, Ministroak mehatxua dela uste du eta hurreneko hirira (Izpiñe-ra Lauaxetarentzako) egin du ihes. Handik gutxira Printzeak aurkitu du Herio eta galdetu dio ea zergatik egin dion mehatxu Ministroari. Et ordua Heriok: «Ez da mehatxu keinua izan, harridurazkoa baino, bihar bertan hil behar dut eta Izpiñeko hirian, eta harritu nau gaur hemen aurkitzeak».
Lauaxeta
Paradoxaz eta ezustez beteriko ipuintxoa Jean Cocteau idazle frantsesak (1889-1963) eman zuen ezagutzera, izenbururik gabe, 'La Grand Écart' (1923) deitu zuen nobelan. Gerorago deitu zaio eta ezaguna egin da 'Heriotzaren keinua' titulupean.
Ez dakigu nola ezagutu zuen Lauaxetak, iturria aipatzen baitu poemaren buruan, Cocteauren lana, baina poemak ibilbide luzea egina zuen Ekialdean. VI. mendean tradizio talmudikoan aurkitu dute eta IX. mendean iturri sufietan iraku dezakegu. Kontua da jarraipena ere izan duela euskaraz eta Bernardo Atxagak (1951) ipuina berriz sortu zuen Obabakoak liburuan 'Bagdadeko morroia' izendatuz, eta beraz Ekialdeko tradizioa jarraituz. Jean Cocteauk ipuinaren mami hartu eta abstrakzioz jo zuen. Lauaxetak, aldiz, itzulpen modernista egin zuen, dena apainez eta edergarriz aipatuz. Atxagak berriz jo zuen tradiziora.Ipuinak garbi dauka non kokatu ekintza: Bagdad. Eta hiriaren izenarekin batera, merkatua, merkatua, morroia… Zehatzak lagundu du irudimena.
Gaur eguneko literaturan baina, Anjel Lertxundi (1948) izan da Heriotza pertsonaia gisa gehien erabili duen idazlea. Agian normaltzat jo dezakegu: nobelagile modernoa da, giza esentzietan errotu ditu maiz bere kontakizunak, metafisikatik hurbil, eta indar handiko gaiak darabiltza usu bere narratiba nagusian.
Zehar mehar ez bada ere, Azkenaz beste (1996) bere nobela erraldoia, gaiez eta asmamenez. Ifrentzu saila eman zuen argitara Lertxundik 1995-1998 urteen bitartean eta saileko liburuetan Europako tradizio nagusiak Euskal Herriko legendekin batu nahi izan zituen, edo berak esan zuen bezala, «Axular eta Goethe» batu.
Azkenaz beste nobelak judu erratuaren mitoa hartu du kontutan eta beraz, heriotzarik ez duen pertsonaia kontakizunaren giltza bihurtu. Hiru lau hari nagusi erabilita, eta literatura literaturaren motor gisa harturik, hil ezin dituzten ibilbide zoroak eman dio bidea kontakizun aberats honi.