https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Las herederas' filmak emango dio hasiera Zinemaldiko Horizontes Latinos sailari

Sebastiane Latino saria eman dio Gehitu Euskadiko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteak, kolektiboaren «errealitateak, askatasunak eta aurrerabide sozialak» hobekien islatzen dituen Zinemaldiko filma izateagatik

AMALIA IBARGUTXI

Gerturatzen ari da aurtengo Donostiako Zinemaldia, eta Gehitu Euskadiko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteak Sebastiane Latino saria jasotzeko hautagaiak izandako filmak, tartean 'Las herederas', sariaren irabazlea, prest daude jendartera heltzeko.

Abuztuan eman zituzten filmen izenak ezagutzera, eta datorren irailaren 28an, saria emango dio Gehituk LGTB kolektiboaren «errealitateak, askatasunak eta aurrerabide sozialak» hobekien islatzen dituen zinema ekoizpenari. 'Las herederas' (Paraguai, Alemania, Brasil, Uruguai, Norvegia, Frantzia) Paraguaiko Marcelo Martinessiren proiektua dugu. Sariaren 19. edizioa da aurtengoa, eta 66. Zinemaldiko Horizontes Latinos, Perlak, Zabaltegi-Tabakalera eta Made in Spain sailetan lehiatuko diren zazpi filmen artetik aukeratu dute, lehiaketaz kanpo parte hartuko duen film labur batekin batera.

Horizontes Latinos saila irekiko du Sebastiane Latino sariaren epaimahaiak erabaki hori hartu du «Martinessi zuzendariak bikote lesbiko bat ikusaraztea erabaki duelako, Chelaren askapen-istorio pertsonala kontatuz». Epaimahaikideek gehitu dute filmak frogatzen duela «Paraguaiko botere legegileak ez duela aintzat hartzen, ezta babesten ere, herrialde hartako aniztasun afektibo-sexuala. Eta salaketa bat ere egiten du: LGTBI bikoteek legezko onarpenik ez dutenez, ezkontideak eskubiderik gabe geratzen dira bikotea gaixorik dagoenean, preso dagoenean, eta beste hainbat egoeratan».

Halaber, gaineratu dute filmeko «narrazioaren eta konposizioaren kalitateak erakusten du lantalde paritarioek, horrelakoxea baita film honetakoa, edo emakumezko aktoreak nagusi diren produkzioek, gizonen presentzia oso txikia baita, ez dutela eragin negatibo edo positiborik azken emaitzan».

Gainera, epaimahaiak azpimarratu du gidoi eta aktoreen lanen kalitatea, klase ertaineko emakume nagusi baten liberazioa modu sinplean kontatzen dutelako. «Egoeraren konplexutasuna gaindituta, sotiltasun handiz irudikatzen ditu besteen beharrak. «Beraienen aurretik jartzeko heziak izan ziren emakume horiek. Ondorioz, harreman horietan harrapatuta geratzen dira. Eta, hezkuntza eta gustu kontserbadoreak dituen lesbiana bat hautatzean, ongi ebatzitako jauzi narratibo bat onartzera behartzen gaitu, hainbat erronka ezartzen dizkiolako protagonistari: bere LGTBI zirkuluko ezkerreko konbentzionalismoetatik askatzea, baita bere klase sozialeko eskuinekoetatik ere, eta azkenik, bere desira askatzea adinaren araberako aurreiritzietatik».

Sebastiane Latino sariaren epaimahaiak 'Marilyn', 'Mi mejor amigo', 'La hijas del fuego' eta 'Retablo' filmak aukeratu zituen saria jasotzeko hautagai gisa, 'Las herederas'-ez gain. Iaz, Txileko 'Una mujer fantástica' filmak irabazi zuen saria trans komunitatea ikusarazteagatik, Sebastián Leliok zuzendutakoa eta Daniela Vega protagonista zuena.

Temas

Euskera