https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Henri Duhau eta Auxtin Zamora ohorezko euskaltzainak omenduko dituzte Senperen

Auxtin Zamora eta Henri Duhau./
Auxtin Zamora eta Henri Duhau.

Herriko Etxean egingo dute ekitaldia; herriko domina jasoko dute biek

AMALIA IBARGUTXI

Henri Duhau eta Auxtin Zamora ohorezko euskaltzainak omenduko dituzte larunbat honetan, martxoak 2, Senperen. Euskaltzaindiak iazko apirilean izendatu zituen ohorezko euskaltzain, eta orain, aitortza-ekitaldia egitea erabaki dute.

Ekitaldian izango dira, baita ere, Pierre-Marie Nousbaum auzapeza, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Xarles Videgain Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko ordezkaria. Omenaldian bertan herriko domina jasoko dute bi euskaltzaleek. Arratsaldeko bostetan egingo dute ekitaldia Herriko Etxean.

Bi euskaltzainen ibilbideak desberdinak izan badira ere, komunean izan dute biek ala biek euskalzaletasun eta grina sortzailea. Auxtin Zamora Durruty Senperen (Lapurdi) bertan jaio zen 1943an. Bost olerki liburu idatzi ditu, Hatsa Elkartearen sortzailea da, eta 1999az geroztik 'Hatsaren Poesia' olerki bilduma eta 'Maite ditugun olerkariak' sail poetikoa sortu ditu.

Gainera, Sarako, Etxalarko eta Senpereko etxe guztien datu geografikoak eta izenak bildu ditu. 2018an Sarako Idazleen Biltzarrak ematen dituen sarietako bat jaso zuen.

Bestalde, Henri Duhau Beskoitzen (Lapurdi) jaio zen, 1942ko urriaren 9an. Elkarte askotan lanean ibilitakoa, artikulu ugari idatzi ditu hainbat komunikabidetan: Herria, Enbata, Ekaina, Otoizlari, Dantzariak, Denak Argian, Berrian.... Liburuak argitaratutakoa ere bada Duhau.

Besteak beste, 'Euskal aditz batua' (1996); 'Alegiak eta bertze neurtitzak' (Adema-Zaldubi, Euskaltzaindia, 2010); 'Kantikak' (Adema-Zaldubi, Euskaltzaindia, 2009) edo 'Hortzak izerdi' (2015).

Temas

Euskera