https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Helena Goñi eta Nora Aurrekoetxea artistek lau asteko egonaldiaz gozatuko dute New Yorkeko Guggenheimean

New Yorkeko Guggenheim museoa./Afp
New Yorkeko Guggenheim museoa. / Afp

Artista hasiberriei aukera ezinhobea planteatzen zaie euren ibilbidean hazten jarraitu dezaten

ELCORREO.COM

Helena Goñi eta Nora Aurrekoetxea hautatu dituzte Solomon R. Guggenheim Museum-ek artista gazteentzat duen egonaldi-programaren laugarren edizioan parte hartzeko. Urrian gauzatuko den programaren baitan, bi artista gazteek aukera izango dute haien ibilbide profesionalean aurrera egiteko, hiriko arte-giroa sakonetik aztertzeko eta artista, komisario eta arte-erakunde desberdinak ezagutzeko, Solomon R. Guggenheim Museumeko profesionalen eskutik.

Aurreko hiru edizioetan, ekimenak arrakasta handia lortu zuen eta, beraz, argi dago laguntza horri esker artista hasiberriei aukera ezinhobea planteatzen zaiela euren ibilbidean hazten jarraitu dezaten.

Edizio honetako artistak

Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989) Londres eta Bilbo artean bizi da eta bi hirien artean lan egiten du. 2017tik eskulturako graduondokoa egiten dihardu Londresko Royal College of Art-en eta azken zortzi urteetan hainbat arte-egitasmo garatu ditu. Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikoko Beka eta BilbaoArteren Espazioa Beka jaso ditu Aurrekoetxeak eta azken laguntza horren fruitua izan zen Katalepsis erakusketa. Horrez gain, OKELA Sormen Lantegiaren kide sortzaileetako bat da eta, bertan, komisariotza eta kultur kudeaketako proiektuak egiten ditu bere kideekin batera.

Bestalde, Helena Goñi (Bilbo, 1990) Getxon eta Bilbon bizi eta bertan lan egiten du. Arte Ederretako Gradua egin zuen UPV/EHUn, eta argazkigintzako graduondokoa egin zuen Londresen, Central Saint Martins, University of the Arts-en. 2015ean Bizkaiko Foru Aldundiaren Ikusizko Artearen Beka jaso zuen, eta Ertibil, BAFFEST eta GetxoArte sariak eskuratu ditu ere bai. 2017an, Bilboko Rekalde Aretoaren Barriek programaren barruan, Tell me how close we are to a riot erakusketa aurkeztu zuen eta bere obrak Artium-Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoaren edo Bilboko Argazki Garaikideko Zentroaren bildumetan daude.

Aurreko edizioetako onuradunak hurrengo hauek izan ziren: Carla Tobar eta Alain Urrutia 2015ean, Diego Vivanco eta Cristian Villavicencio 2016an, eta Gala Knörr eta Maite Pinto 2017an.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos