https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hauteskunde-kanpaina

Nire lagunak kafesnea nire aurrean kokatu du./Tes
Nire lagunak kafesnea nire aurrean kokatu du. / Tes
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Auzoko fruta-denda batera sartu naiz eta dendariak, serio, bere laguntza eskaini didanean esan dit «ondo elikatzen den gizarte bat bermatzea dela bere kezka nagusia». Bi kilo sagar erosi ditut eta ospa egin dut. Etxera nindoanean, pentsakor, mezu baten soinuak iratzarri nau. Telefonoa hartu eta nire lagun minena zela ikusi dut. Kafetxo bat? Ez zen hori nire plana, baina tira. Kafetegira heldu naizenean, nire laguna aulki batean eserita ikusi dut dagoeneko, barra alboan. Ea zer nahi dudan galdetu dit, erantzun diot, eta, arduratsu, kafesnea nire aurrean kokatu du, zeremoniaz, barraren puntu zehatz batean utzi beharko balu bezala. «Txani, ondo asko badakizu gure adiskidetasunarekin konprometituta nagoela», adierazi du. «Ni naiz zuk behar duzun laguna», bota du, nire begiei so. Kontrako eztarritik joan zait kafetxoa, demontre!, afoniko gelditu naiz eta lagunak abagune hori aprobetxatu du hemendik hurrengo lau urtera biontzako dituen planak azaltzeko: «… eta kultura arloan —Kultura arloan! Baina, zer dio honek?—, zin egiten dut hilabetean birritan joango garela zinemara». Kafea hartu bezain pronto etxerako bidea hartu dut, sentimendu arraro bat erraietan. Irakurtzeari ekin diot, lasaitasuna berreskuratzeko nahian, eta txirrina entzun dut. Atea ireki dudanean, postariak gutun-azal bat luzatu eta agiria firmatu behar dudala azaldu dit. Agiria eta boligrafoa bueltan eman dizkiodanean hauxe esan du, solemnitatez: «Historia zuk idazten duzu».

Urduritasuna uxatzeko sagar bat jaten jasi naiz, baina ez du zaporerik; postariak ekarritako gutuna ireki eta isun bat dela konprobatu dut, eta, azkenik lagunari etxera etortzeko eskatu diot, mesedez, baina diskurtso luze baten bitartez ezinezkoa zuela esan dit. Etsita nago. Telebista pizten dut. Politikariak dabiltza kanal guztietan. Antsietatea. Ez dakit zer gertatzen den azken bolada honetan. Ez dut indarrik topatzen berriro kalera ateratzeko edo etxe barruan entretenitzeko, baina bat-batean, hurrengo hitz hauek etorri zaizkit burura eta, poliki-poliki, hobeto sentitzen naiz: «Yes, we can't».

Temas

Euskera