https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Haurren leuzemia eta linfoma ikertzeko proiektu bat hasiko dute Bilbon 35 adituk

Leuzemia linfoblastiko akutua eta linfomak haurren artean ematen diren minbizien %30 dira. Horien jatorria ezezaguna da

ELCORREO.COM

LEGEND europar proiektuaren eta I-BFM erakundearen lehenengo bilera hasiko da bihar, 9.00etan, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaia Aretoko Oteiza entzunaretoan, Bilbon. LEukaemia GENe Discovery-ren akronimoa da LEGEND. Lan jardunaldiak 18 herrialdetako 35 espezialista batuko ditu, eta helburua izango da haurren leuzemia eta linfomen ikerketan elkarlana bultzatzea.

EHUk jakinarazi duenez, leuzemia linfoblastiko akutua eta linfomak haurren artean ematen diren minbizien %30 dira. Horien jatorria ezezaguna da. Oraintsu arrisku faktore genetikoak identifikatu dira, baino asko geratzen dira definitzeko. Gaixo hauen biziraupena ere igo da azken urteetan, batez ere tratamenduzko jarraibide berriei esker.

Hala ere, arazo bat dago: tratamendu horiek oso agresiboak dira, eta kasu batzuetan kontrako efektuak dituzte. Bileran jorratuko den beste arazo bat da kontrako efektuak jasoko dituzten gaixoak aurreikusten lagundu ahal duten markatzaile genetikoak aurkitzea, botiken dosiak hobeto neurtzeko eta terapia pertsonalizatuak egiteko. Azkenik, familia batzuetan patologia hauek maiz agertzen direla edo Down bezalako sindromei ere elkartzen zaizkiela ikusi da, baina oraindik ez dakite zergatik.

Hala, zailtasun horiek guztiak direla eta, «nazioarteko adituen arteko elkarlana beharrezkoa da». Bilboko bileran izango diren onkologiako pediatrek, genetistek eta zientzialariek, plataforma horri esker, ikerketa estrategiak, proiektu berriak eta jarduketa terapeutikoak partekatu ahal izango dituzte aipatutako arazoen inguruan.

LEGEND proiektua COST ekintzetako bat da (European Cooperation in Science and Technology). Europar Batasunak H2020 programaren baitan sustatzen du. Hainbat herrialdetako institutu, unibertsitate, zentro teknologiko eta enpresen arteko sareak sortzeko helburua du programak, elkarlanean aritzeko.

Bestalde, I-BFM erakundeak 34 herrialdetako ikerketa talde batuko ditu, haurren leuzemia eta linzomak ikertzen dituztenak. Adituen bi talde horiek biltzen diren lehen aldia da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos