Haurren immunizazioak azken 30 urteetako atzerakadarik handiena izan du
UNICEFen Haurren Mundu Egoera 2023 ikerketaren arabera, 67 milioi haur txertorik gabe geratu dira 2019 eta 2021 artean
UNICEF Euskal Herriko Batzordea
Viernes, 28 de abril 2023, 20:15
Immunizazioaren Munduko Aste honetan, UNICEFek alerta jo du haurren immunizazioaren inguruan. Berriki publikatu den Haurren Mundu Egoera 2023 ikerketaren arabera, 67 milioi haur erabat edo partzialki txertatu gabe geratu dira 2019 eta 2021 artean, eta immunizazio-estalduraren mailak behera egin du 112 herrialdetan. Haurren immunizazioak azken 30 urteetan izan duen atzerapauso iraunkor handiena da.
Izan ere, COVID-19aren pandemiak eraginda, haurren txertaketa eten egin da ia mundu osoan askotariko faktoreen ondorioz, besteak beste: osasun-sistemek presio handia jasan zuten, immunizaziora bideratutako baliabideak COVID-19aren aurkako txertaketara desbideratu ziren, osasun-langile gutxi zeuden eta familiak etxean konfinatuta egoteko neurriak hartu ziren.
Pandemiak, halaber, areagotu egin ditu aurretik zeuden desberdintasunak. Haur askorentzat, batez ere komunitate baztertuenetan, txertaketa ez dago eskuragarri. Pandemia baino lehen ere, immunizazioan egindako aurrerapenek ia hamarkada bat zeramaten geldirik; besteak beste, komunitate horietako haurrengana iristeko zailtasunengatik.
2019tik 2021era bitartean immunizazio sistematiko osoa edo partziala jaso gabe geratu ziren 67 milioi haurretatik, 48 milioik ez zuten txerto sistematiko bakar bat ere jaso; faktore horri zero dosi esaten zaio. Dosirik jasotzen ez duten haur horiek komunitate pobreenetan, urrunenetan eta baztertuenetan bizi dira, eta, batzuetan, herrialdean bizi diren gatazkek egoera are gehiago zailtzen dute. Hartara, familia unitate pobreenetan, 5 haurretatik batek zero dosi ditu. Herrialde aberatsetan, 20 haurretatik batek bakarrik ditu zero dosi.
Bestalde, aipagarria da txostenak agerian utzi duen beste datu esanguratsu bat; alegia, txertoen pertzepzio publikoari dagokiona. 55 herrialdetatik 52tan haurren txertoen garrantziaren pertzepzio publikoak behera egin du pandemian. Besteak beste, Espainian 8 puntu jaitsi da (% 96,5etik % 88,6ra) eta Europako hainbat herrialdeetan 10 puntu baino gehiago murriztu da, hala nola Frantzian, Belgikan, Txekiar Errepublikan, Grezian eta Herbehereetan.
Datu hauen aurrean, UNICEFek, Munduko Osasun Erakundearekin, Gavi txertoen aldeko Aliantzarekin, Immunizazioa 2030 Agendarekin eta Bill eta Melinda Gates Fundazioarekin bat egin du, munduko osasun arloko beste aliatuekin batera, indarrak batu eta txertaketaren eguneratzea (The Big Catch-up deitu diotena) lortzeko eta mundu mailako esfortzua egiteko deia egin dute, COVID-19aren pandemiak eragindako atzerapausoari buelta emateko.