https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Haur eta nerabeei eskainitako Zeuk Esan zerbitzuak 979 kontsulta jaso zituen iaz

Gazte batzuk, telefonoa begiratzen./
Gazte batzuk, telefonoa begiratzen.

Zerbitzu honek informazio, orientazio eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen die haur eta nerabeei

UNAI SARRIUGARTE

Eusko Jaurlaritzak gazteei eskainitako Zeuk Esan arreta emateko zerbitzuak 979 kontsulta jaso zituen 2018. urtean. Halaxe gaineratu zuen pasa den astelehenean Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak. Zeuk Esan Eusko Jaurlaritzak 2010. urtean haurrei eta nerabeei abiatutako informazio, orientazio eta aholkularitza zerbitzua da. Gaur ospatuko den Haurren Tratu Txarren aurkako Nazioarteko Egunaren harira eman zituen datuok Artolazabalek.

Aipatu dugunez, 2018. urtean 843 harreman ezarri eta 979 kontsulta jaso zituen Eusko Jaurlaritzaren arreta zerbitzuak. Harreman eta kontsulta gehienak (%90) telefono bidez egin ziren 116111 zenbakian, eta ehuneko (%10), berriz, zerbitzuko postontziaren bidez jaso ziren.

Artolazabalek dioenaren arabera, gero eta finkatuago dago Zeuk Esan zerbitzua publiko gaztearen artean. Eusko Jaurlaritzako haur eta nerabeen arreta zerbitzua martxan jarri zenetik 2018. urtea kontsulta gehien izan duen bigarren urtea izan da. Zerrendan lehenengo lekuan 2011. urteko kanpaina dago, izan ere, orduan sustapen kanpainak 1.436 kontsulta jaso zituen. 2018. urtean, berriz, 979 kontsulta jaso ziren.

Prebentzio eta sentsibilizazioa

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak pasa den astelehenean nabarmendu zuenez: kontsulten %58 adingabeek egin zituzten (489) eta %42 helduek (354). Gero, helduen kontsulten artean, gurasoek egindako kontsultak %56,2 izan ziren. Kontsultak harremanekin zerikusia zituzten gaiak ziren gehienbat: harreman afektibo-sexualak eta familia harremanak.

Gainera, Beatriz Artolazabalek adierazi zuenez: «12 eta 18 urte bitarteko nerabeak ziren zerbitzua gehien erabiltzen zutenak». Sailburuaren arabera, neskak dira arreta zerbitzu hau gehien erabiltzen duten generoa: deien %74 neska adingabeek egin zituzten, eta mutil adingabeek %26.

Halaber, Zeuk Esan zerbitzuak 804 argitalpen burutu zituen pasa den kanpainan sare sozialen, blogen eta aldizkarien bidez, prebentzio, sentsibilizazio, informazio eta prestakuntza lanaren baitan.

Zeuk Esan arreta eta orientazio zerbitzuak 116111 telefono zenbakian eskaintzen du arreta. Bertan, profesional talde batek orientazioa, aholkularitza eta arreta eskaintzen die gazteei. Bestalde, telefono zerbitzuaz gain, Zeuk Esan zerbitzuak beste komunikazio-kanal batzuk ere eskaintzen ditu: batetik, sare sozialak: @Zeukesan Twitter, Facebook eta Instagram bidez; eta, bestetik, www.euskadi.eus/zeukesan webgunea, Youtubeko kanala eta adingabeen bloga.