https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Haur eta gazteak nola irakurketara zaletu erakusteko ikastaroa

Bi ume, irakurtzen./Fotolia
Bi ume, irakurtzen. / Fotolia

Berriro antolatu du Galtzagorrik irakasleentzako ikastaroa. Eskolek erreserba egiteko azken eguna otsailaren 22a da

AMALIA IBARGUTXI

Irakurzaletasuna haurtzaroan bereganatzea komeni dela esan ohi dute adituek, eta hain zuzen, horretan lagunduko die Galtzagorri Elkarteak Euskal Autonomi Erkidegoko ehun eskolei aurten, «ezinbesteko funtzioa betetzen baitute haurrak eta gazteak zaletzerakoan». Aholkularitza zerbitzua eskainiko die irakasleei, Irakurzaletasuna Sustatzeko Lantegiak direlakoetan. Bigarrenez antolatu dute ekimena. Erreserba egiteko azken eguna otsailaren 22a da.

Proiektuaren helburua haur eta 16 urtera arteko gazteengan euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea da. Horretarako, erakutsiko diete irakasleei nola izan irakurketaren bitartekari eraginkorra. Bide batez, ikastetxea dagoen herriko udal liburutegietako liburuzainak ere gonbidatuko ditugu lantegietara.

Tailer praktikoak izango dira: Galtzagorriko Intza Alkain eta Saroa Bikendi joango dira ikastetxeetara eta gehienez bi orduko saioak egingo dituzte. Liburuak eramango dituzte, gurditxo batean, eta liburu bakoitzaren gaiak zein ildo nagusiak aurkeztuko dituzte. Ildo horiek oinarri hartuta haurrekin nahiz gazteekin landu daitezkeen dinamiken proposamenak egingo dituzte. Halaber, gida bat banatuko da eskola parte-hartzaile bakoitzean.

Aurten, gainera, liburu sorta berria aukeratu dute. Eramango dituzte egun ugaritzen ari diren formatuak: album ilustratuak, hitzik gabeko ipuinak eta komikiak, besteak beste. Liburu bakoitzarekin egin daitezkeen irakurzaletasuna sustatzeko estrategiak jasotzen dituzten txostenak ere eramango dituzte.

Lantegi saioak eskolari ondoen egokitzen zaion tartean egingo dira: goizean, eguerdian edo arratsaldean. Herri bakoitzean, halaber, udal liburutegietako langileak gonbidatuko dituzte lantegietara ikastetxeen eta liburutegien arteko sare lana hauspotzea ere egitasmoaren helburua baita.

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza izan dute ekimena sustatzeko. Iaz izena eman, eta parte hartzeko aukerarik izan ez zuten ikastetxeek lehentasuna izango dute aurtengo ekitaldian.

Temas

Euskera