https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hasiko al gara zerotik…?

Hasiko al gara zerotik…?
ZERO ZABORRAK BIZKAIAN

Aste honetan 1.200 lagun bildu dira Bilboko Euskalduna Jauregian hondakinen kudeaketa integral eta jasangarrien joera berriak aztertzeko. Nazioarteko ISWA Kongresua da hori.

Probintziako 40 erakundek osatzen dugun Zero Zabor Bizkaian Plataformatik (PZBB), Bizkaiko lurralde historikoan izan dugun hondakinen kudeaketaren esperientzia erakutsi nahi dizuegu. Horregatik bidaltzen dizuegu mezu hau, pertsona bakoitzeko 800 euroko izen-ematea ordaindu beharrak ez digulako aukera ematen bertan egoteko ezagutzak partekatzen.

Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) eta beste erakunde batzuek etengabe egiten dute euren Hondakin Kudeaketa paregabearen aldeko kanpaina. Gainera, gure mezuaren jabe egin dira ere, egin duten kanpaina berrian honako galdera erabiltzen baitute: «Hasiko al gara zerotik…?».

Zero Zabor Bizkaian Plataformak argi du Zero hori dela jomuga, Zero Hondakin lortzea dela azken helburua. Izan ere, helburu horretara iristeak esan nahiko luke Hondakinen Kudeaketak ekonomia zirkularrean oinarritutako politikekin bat doala. Hori hala balitz, biztanleriari baliabideak emango lizkioke gaikako hondakin organikoen bilketa hazteko, Zabalgarbi erraustegia ixteko planak edukiko lituzke eta ez lituzke beste erraustegi proiekturik sustatuko (gaur egun, Zabalgarbi EAEn CO2 gehien emititzen duten enpresa kutsatzaileen zerrendako 4. postuan dago eta, beraz, klima aldaketaren eragile da). Halaber, Foru Aldundiak ez luke birziklapen datuetan iruzurrik egin beharko eta zerga-politika berrien alde egin beharko luke, besteak beste.

Baina hori ez da Bizkaiko gaur egungo egoera. Aitzitik, aurtengo martxoan Elena Unzueta ingurumen diputatuak berriz egin zuen saiakera «Bizkaian hondakinekin arazorik ez dugula» sinestarazteko. Hedabideen aurrean esan zuen 2018-12-31ra arteko Gaikako Bilketan %48,8ko birziklapen-tasa genuela eta, beraz, oso gertu geundela 2020 urterako Europar Batasunak eskatzen duen %50arengandik.

Datuak izkutatzen dituztela eta euren inguruan iruzurrak egiten direla ikustera ohituta gaudenez gero (gogora dezagun 2014an %64ko birziklapen datua eman zutela eta %67koa 2015ean), PZZBtik datu hori erkatzen saiatu ginen. Datua zuzena bazen, horrek esan nahiko luke sekulako bultzada izan zuela birziklapenak eta asko poztuko ginateke bizkaitarrengan birziklatzeko kontzientzia horrenbeste igo izananagatik. Hala ere, datuak ez zeuden argitaratuta eta ezin genituen erkatu. Uztailera arte (UZTAILERA ARTE!!!) ez zituzten datu horiek argitaratu BFAko webgunean, udako etena aprobetxatuz eta albistea oharkabean igaroko zela jakinez.

Ez gara ahaztu, Unzueta anderea, eta berriro ere adierazi behar dugu datu horiek ilunak direla eta ez daudela osorik (ez dute ikerketa zehatza egiteko baliagarri diren fluxu edota taularik ematen). Datu horietan kontzeptuak nahasten dituzte eta, hitz batez, Bizkaiko gaikako bilketa %40tik gertuago dago Foru Aldundiak dioen %48,8tk baino.

Tamalez, BFAren Hondakinen Behatokiak 2018ko Bizkaiko hiriguneetan sortutako hondakinen inguruan argitaratutako datuak haratago doaz: 646.574 tonara igo da sortutako hondakinen bolumena, duela 4 urte baino 55.000 tona gehiago eta 2017an baino 11.000 tona gehiago, biztanle kopurua mantendu edota jaitsi bada ere. Ez dira berri onak, atzeratutako BHHKPI planaren helburu nagusietako bat hondakinak murriztea kontuan izanda.

Zeresanik ez Materia Organikoen Gaikako Bilketaren inguruan: 10.729 tona (baliabide ezagun guztien bidez eta, batez ere, azalera handiko saltokiak kontuan izanda), ez da %2ra iristen (%1,77 zehazki, ustezko onenean). Oso urrun dago, beraz, BHHKPI planak 2016rako helburu zuen %4,5 horretatik.

Tratamendu Mekaniko-Biologikoaren plantari dagokionez, lantzen dituen hondakinen %4,75a birziklatzea lortzen du soilik. Urtero atzera doa eta oso urrun dago ere eraiki zenean finkatu zen helburutik (%7,2). Herritarrok 42 milioi euro ordaindu ditugu azpiegitura horrengatik.

Ez dago zehazki jakiterik Eraikuntza eta Eraispen Hondakinei dagozkien 92.000 tonak etxeko hondakinetatik datozen soilik, horien sorrera Gipuzkoa eta Arabako eskualdeekin konparatuta izugarrizkoa baita. Besteak beste, 92.000 tona horiek gaikako bilketa gisa kontuan izateak igotzen du birziklapen-tasa %48,8ra.

Hori bai, zabortegi eta erraustegietarako aurrekontua areagotu da, Europar Batasuneko Hondakinen Kudeaketaren klasifikazioko maila baxuenean badaude ere.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta udaletxeek ez lukete euren kudeaketaren jarrera adeitsu horrekin jarraitu beharko. Norbanakoen interes ekonomikoetatik haratago, kudeaketa eredu, teknika eta alternatiba berriak bilatu beharko lituzkete, benetan iris gaitezen zero hondakinen belaunaldira.

Izan ere: Erraustea ez da ekonomia zirkularra. Materia Organikoaren gaikako bilketarako bostgarren kontenedoreak laguntza, sustapena eta baliabideak behar ditu, biztanleria inplikatu dadin. Ezinbestekoa da hondakinen inguruko Zerga-Politika berri bat sortzea, gehiago ordaindu dezaten hondakin gehiago sortzen dituztenek, argia, ura edota gas gehiago kontsumitzen dutenekin egiten den bezala. Garrantzitsua da plastiko, beira eta papera bezalako materialen jatorriak bereiztea. Hain zuzen ere, materia organikoa badute, ezingo dira birziklatu eta TMBaren ahalegina eta kostua ez da eraginkorra izango.

Garrantzitsua da ontzien bilketa eta berrerabileraren inguruko esperientziak hastea (Gordetze, Itzultze eta Berrerabiltze Sistemak), erabilera bakarreko kultura sortu eta plastikoa nagusitu baino lehen egiten zen bezala. Beharrezkoa da plastikoaren erabilera deuseztatzea eta birziklatu daitezkeen materialen erabilera sustatzea. Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan lntegral (BHHKPI) berri bat behar dugu, kezka horiek guztiak bilduko dituena, horien inguruko aldaketak egingo dituena, errausketari uko egingo diona eta era demokratiko eta partehartzailean garatuko dena. 

Nazioarteko ISWA 2019 Kongresuan, esperientzia eta teknika berritzaileak ezagutaraziko dituzte. PZZBtik zinez espero dugu ez direla erakusleiho huts gisa erabiliko. Politikariek eta teknikariek aukera hori gure lurraldean esperientzia horiek martxan jartzeko aukera izango dela espero dugu.

Temas

Euskera