https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hartzak berriro ere euskal mendietan sartzeak eragindako kezkaz ariko dira Baionan eta Ainizan

Cabarcenon bizi diren bi hartz./Bernardo Corral
Cabarcenon bizi diren bi hartz. / Bernardo Corral

Hitzaldiok artzain, baserritar eta herritarren erreakzioak eta iritziak ezagutzeko antolatu dira

UNAI SARRIUGARTE

Hartza euskal lurraldean berriro ere sartzeak artzain, baserritar eta herritarren kezka piztuarazi du. Ingurumenak, bio-aniztasunak eta animalien eskubideak protagonismoa hartu dute azken boladan. Izan ere, Biarnon bi hartz sartu izan dituzte.

Hori dela medio, kolektibo ezberdin hauen erreakzioak eta iritziak ezagutzeko helburuarekin, ELB sindikatuak bi mintzaldi antolatu ditu aste honetan. Lehendabizikoa bihar izango da Ainizako Laborantza Ganbararen egoitzan 21.00etan. Bigarrena, berriz, ostiralean 20.00etan ospatuko dute Baionako Elkarteen etxean.

ELBk, Iparraldeko baserritar txikien sindikatuak, kaleratutako prentsa oharrean laburbiltzen denez: «Hartza edo otsoa eta artalde eta bortuko artzaingoak ezin dira elkarrekin bizi lurralde berdinean». Hartzak jendearengan irudia positiboa du eta hartzen sartzea animalien aniztasunaren azkartzeko modu bezala aurkeztua izan da. Edonola ere, problema honi aurre egin nahi diote nekazari eta abeltzainek. Izan ere, azken bi urteotan Ariege eskualdean hartzek artalde bat baino gehiago erasotu eta hil izan dituzte.

Bi solasaldi hauetan Ariege eskualdeko –Foix hiriburu duen departamenduko– artzainen esperientziak aurkeztuko dira. Ariegen hartzen sarrerak sortutako egoeraz telebista publiko frantsesak egindako dokumentala eskainiko dute. Gainera, eskualde hartatik espresuki etorritako artzain baten bizipenak entzuteko aukera izango dute bisitariek.

Duela 150 urte desagerrarazitako animalia

Euskadin azken hartza Mañarian ehizatua izan zen 1871. urtean. Egun hartz hau erakusgai dago Urkiolako Parke Naturaleko Interpretazio Zentroan. Naturmendik 2012. urtean argitaratutako artikulu batean XIX. mendearen hasieran Gorbeiako Parke Naturalean hartzak bizirauten jarraitzen zutela esaten du. Arabako azken hartzak, berriz, 1830. urtearen inguruan ehizatuak izan ziren.

Egun 43 hartz daude Pirinioetako mendikatean: Katalunia, Aragoi, Nafarroa eta Iparraldeko eremuetan hedaturik. Gehiengoa Lleidako eta Araneko esparruetan daude. Katalunian 25 izan dira ikuskatuak: 15 gizonezko eta 10 emakumezko. Beste bi, berriz, Iparraldeko zonaldean daude.

Temas

Euskera