https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Harro! jaio da, Euskadiko LGTBI kolektibo ezberdinek osatutako plataforma berria

Harro! jaio da, Euskadiko LGTBI kolektibo ezberdinek osatutako plataforma berria

Gizataldearen aurkezpen ofiziala datorren ekainaren 15ean egingo dute Donostian

UNAI SARRIUGARTE

'Harro!' jaio da, Euskadiko LGTBI kolektibo ezberdinek osatutako plataforma berria. Erakunde hau beharrizan konkretu batzuengatik sortu da: batetik, esparru politiko koherente eta kritikoak ahalbidetzeko; bestetik, LGTBI kolektiboa elkar sostengatu eta koordinatzeko beharretik abiatuta. Plataformaren sortzaileek helarazi dutenez, faxismoaren gorakada eta pinkwashingaren erabilera tarteko, gizatalde honek erasoak pairatzen dihardu etengabe azken urteotan. Hori dela bide, egoera larri honi erantzun material bat emateko beharretik sortu da Harro!.

Pasa den astelehenean, iragarri zuten antolatzaileek elkartearen sorrera Bilbon burutu zuten agerraldian. Plataformaren aurkezpen ofiziala, ordea, ekainaren 15ean egingo dute Donostiako Urgull mendiko Guardetxean.

Gaur egun honako taldeek osatzen dute plataforma berri hau: EHGAM, Hiruki Larroxa Kolektiboa, Guztiok, Ozen!, Intifada Marika, Sare Lesbianista, Iris Proiektua, Euskal Hartzak eta Lumagorri eta beste zenbait militantek hartzen dute parte elkarte berri honetan.

Erakundeak dioenez egun bizi duten kapitalismo ase ezin honek iraultzaileena ere irensten du. Euren esanetan: «Euskal gobernua pinkwashingaren bitartez LGTBI mugimendua erabiltzen ari da progresista plantak egiteko». Honen adibide gisa Ortzadar eta EAJren artean antolatutako BilbaoPride ekimena aipatu dute.

Bestalde, euskal plataformak nazioartera begiratzeko ere eskatu du. Izan ere, adibide asko ez direla falta nabarmendu dute, Israelgo estatuan azken hilabeteotan gertatutakoa kasu. Mugimenduak salatu duenez: «Israelek Palestinako lurraldeen aurkako apartheid politika pinkwashingaren bitartez ezkutatzen du».

Pinkwashing, garbiketa arrosa ere deiturikoa, mailegu linguistiko bat da. Ingeleratik pink, arrosa, eta whitewash, txuritu edo estali, non LGBTI kolektiboaren testuinguruan, instituzioak, herrialdeak, pertsonak, produktuak edota enpresak sustatzeko politika eta marketin estrategiak dira.