https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

HARREMAN IRAUNKORRA

Bizkaira datozen bisitariek egiten duten balorazioa 10etik 9koa da, bikaintasunezkoa

Bisitari asko, Gaztelugatxen./E.C.
Bisitari asko, Gaztelugatxen. / E.C.
JOSEBA ARRUTI

Turista jarioa tantakadaka hasi zen, Bilbo eraberritzen zihoan heinean. Guggenheim Museoaren zabalerak azkartu zuen prozesua. Eta ez da joera iragankorra izan, guztiz iraunkorra baizik. Ez halamoduzkoa, gainera. Hala berresten dute Foru Aldundiak ezagutzera emandako azken datuek. Horien arabera, errekorrak hautsi ziren berriz iaz, ia milioi eta erdi turista etorri baitziren Bizkaira, 2016an baino %5,4 gehiago. Bataz beste utzi zuten dirutza ere beste horrenbeste gehitu zen, bakoitzeko 112 euro pasatxora arte.

Badira beste zenbait datu esanguratsu. Gaztelugatxek lortu duen protagonismoarena da bat, Bilbok zalantzarik gabeko gune turistiko nagusi izaten jarraitzen duen arren, Bermeoko zokondo liluragarri hori inoiz baino erakargarriago baitzaie kanpotarrei. Telesail entzutetsuenetako batean agertu izana baino promozio hoberik ez dago, emaitzek nabarmentzen dutenez.

Turisten etorrera ez da, gainera, aro bakarreko fenomenoa, jende oldea ez baita udan lehen beste pilatzen. Hori onerako zantzua da, jakina, estrategia turistiko sendo baten adierazle. Bizkaira datozenak asebeteta itzultzen dira, guztiz. 10etik 9koa da egiten duten balorazioa, bikaintasunezkoa. Eta horretarako azpimarratzen dituztenak paisaia, sukaldaritza, arkitektura, kultura eta jendea dira. Oinarri sendokoa da, beraz, bertoko turismoa, eguzkiari begirakoa beharrean beste hainbat faktorek elikatutakoa. Horrek etorkizun oparoa adierazten du, orain arteko ildoei eusten bazaie.

Turismoa jasangarritasunarekin uztartuta sustatzea ez da helburu soila, oraingo errealitate baizik. Hor badago bide-orri bat, lan egiteko modu bat. Hazteko tartea dagoelako oraindik, masifikaziotik urrun hobera egitekoa. Noizean behineko alarmismoa funtsik gabekoa delako gaur egun, turismoak Bizkaian oraindik zer eskaini asko duelako.

Sektore zeharo oparoa da jada, ekonomiari eta enpleguari egindako ekarpenean zein lurraldearen dohainak munduan zehar nonahi ezagutzera ematerakoan. Turismoak aspaldi utzi ziolako inguruotan bitxikeri izateari. Daborduko igarokor eta halamoduzko ere ez da, jarduera ekonomiko dinamiko, sendo eta aukeraz betetakoa baizik. Hala, Bizkaia eta turismoa inoizko osagarrien dira. Elkarren arteko lotura ezaugarri bihurtu delako, luzarorakoa.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos