https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Harkaitz Canok 111 Akademiaren Saria irabazi du bigarren aldiz

Harkaitz Cano idazlea, iaz, 'Fakirraren ahotsa' eleberriaren aurkezpenean./Juantxo Lusa
Harkaitz Cano idazlea, iaz, 'Fakirraren ahotsa' eleberriaren aurkezpenean. / Juantxo Lusa

'Fakirraren ahotsa' eleberriari esker atera da garaile Lasarteko idazlea. 2011an sari berdina jaso zuen 'Twist' eleberriagatik

EL CORREO

2018ko libururik gogokoen izendatu du 111 Akademiak Harkaitz Canoren 'Fakirraren ahotsa' eleberria, eta idazle lasartearra ekainaren 6an sarituko dute, Amasa-Villabonako Hika txakolindegi gipuzkoarrean. Egun, 199 akademiakide ditu 111 Akademiak, eta horietako 102k parte hartu dute 2018ko sariduna izendatzeko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Txanda guztietan Canoren eleberria izan da bozkatuena, eta Katixa Agirreren 'Amek ez dute' nobela izan du lehiakide azken bueltan.

Akademiaren arduradunek jakinarazi dutenaren arabera, hainbat urtez 111 Akademiaren eszenatoki izan den Andoaingo Bastero kulturgunea utzi, eta aurten Amasa-Villabonako Hika txakolindegian ospatuko du EL CORREOko kolaboratzaileari saria emateko ekitaldia. «Hala, eguraldia lagun, bertaratzen direnek paraje paregabeaz gozatzeko aukera izango dute idazleari saria eman eta txakolina dastatu bitartean», adierazi dute.

Toki berriak ikuskizun berria ere eskatzen duenez, akademiatik ekitaldi berria diseinatzen ari dira uneotan, «eta hori patxadaz egin nahi dugunez, aurten sari ematea pixka bat atzeratu eta ekainaren 6an jasoko du Harkaitz Cano 2018ko 111 Akademiaren Saria».

Bigarren aldiz eskuratuko du oraingoan Harkaitz Canok 111 saria, izan ere, 2011an ere jaso zuen 'Twist' eleberriagatik. Momentu hartan, Canok nahikoa izan zituen hiru bozketa txandetatik bi bere nobelak behar adinako babesa eskura zezan bigarren bueltan urte hartako saridun izendatzeko. Aurten hiru txandak egin dira, baina hiruretan 'Fakirraren ahotsa' gailendu da.

Hala, 111 Akademiaren Saria bi aldiz jaso duten idazleen taldean sartu da Harkaitz Cano. Ur Apalategi, Anjel Lertxundi eta Ramon Saizarbitoria dira lasartearrarekin batera irakurleen sari hau bi aldiz irabazi duten idazleak.

Temas

Euskera