https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Harkaitz Cano eta Maite Larbururen 'Fruitu arraroak' emanaldia, gaur, Arriagan

Maite Larburu eta Harkaitz Cano./
Maite Larburu eta Harkaitz Cano.

'Literatura eta Musika Euskaraz' zikloaren baitan, abesti originalak eta moldaketa bitxiak uztzartuko dituzte

Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍA

Harkaitz Cano idazleak eta Maite Larburu abeslari eta musikariak 'Fruitu arraroak' proposamen berria aurkeztuko dute gaur Arriaga Antzokian 'Literatura eta Musika Euskaraz' zikloaren baitan. Antzoki bilbotarreko arduradunek jakinarazi dutenez, abesti originalak eta moldaketa bitxiak uztzartuko dituzte emanaldian bi artistek .

Hortaz aparte, gogorarazi dute Billie Holiday kantariak ezagun egin zuen arrazakeriaren kontrako 'Strange Fruit' ereserkia abiapuntutzat hartuta, «abesti original zein moldatuen bidez osatutako fruitu bitxien bilduma» aurkeztuko dutela Larburuk eta Canok. Emanaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta interesdunek sarrerak 12 eta 15 euro artean erosi ahal izango dituzte web orrian, 946 850 850 telefonoan eta baita antzokiko txarteldegietan ere.

Baina nortzuk dira gaur Arriagara hurbilduko diren pertsonaia hauek? Harkaitz Cano Lasarten jaio zen 1975ean. Donostian burutu zituen zuzenbide ikasketak, baina idaztea izan du beti ogibide. 'Beti oporretan' ipuin bilduma (2015) da argitaratu duen fikziozko azken literatur lana. Hortaz aparte, nabarmendu ditzakegu 'Beluna jazz' (1996) eta 'Pasaia blues' (1999) eleberriak, 'Belarraren ahoa' (2004) ukronia, 'Neguko zirkua' (2005) ipuin bilduma eta irailaren 11ko erasoen aurretiko New Yorkeko bere egonaldian mamitutako 'Piano gainean gosaltzen' (2000), besteak beste. Hiri horrekiko bere harremanaren fruitu izan zen, halaber, 'Norbait dabil sute-eskaileran' (2001) poema bilduma. Hamar urte beranduago heldu zen gaztelaniaz idatzitako poema liburu bat: 'Compro oro' (2011).

EL CORREO-ko kolaboratzaileak telebista eta komiki gidoilari gisa aritua da ere bai, eta irudiaren munduarekiko bere kezkak aletu zituen saiakera batean: 'Zinea eta literatura: begiaren ajeak' (2008). Sylvia Plath, Anne Sexton, Hanif Kureishi eta Allen Ginsberg euskaratzeaz gain, bera arduratu izan da eskuarki bere lanetako asko autoitzultzeaz («etengabea da berridazketaren tentazioa»).

Hori nahikoa ez balitz, haur literatura ere idazten du tarteka, eta diziplina ezberdinen arteko nahasketarako bere joeraren erakusle dira, hainbat artista plastiko, musikari eta dantzarirekin elkarlanean burututako egitasmoak. Hiru bider irabazi du Euskadi Saria eta bi aldiz Espainiako Kritikarena. Twist (2011) nobelarekin, 111 Akademia aipaimena ere erdietsi zuen. Nederlanderaz, galegoz, grezieraz, ingelesez, gaztelaniaz, errusieraz, alemanez eta italieraz irakur daitezke bere liburuak, besteak beste.

Musikari bidaiaria

Gaurko emanaldiaren beste erdia Maite Larbururen (Hernani, 1979) kontu dago. Artista gipuzkoarrak Amsterdametik bueltan da 15 urteren ondoren, izan ere, «musikari bidaiaria da, biolin-jole-klasiko-nomada, ogibidez». Euskal Herrian Neighbor taldearen kantugile eta gidari moduan egin zen ezagun eta baita Berria egunkarian eta Euskadi Irratirako egiten dituen kolaborazioengatik ere.

'Hezurren azpian' bere lehendabiziko bakarkakoa, 11 kantuz osatutako diskoa da, Usurgilgo Higain estudioan grabatua eta, bere osotasunean euskaraz egindakoa. Haritz Harreguy, Harkaitz Cano, Nagore Legarreta, Carlos Taroncher, Aida Torres eta Beñat Iturrioz artistek lagundu diote. Diskoak martxoan ikusiko du argia Gaztelupeko Hotsak zigilupean eta Trinketekoa izango da aurkezpen kontzertuan.

Temas

Euskera