Borrar
Familia bat, medirako bidean. Fotolia
Handitu egin da euskara ama hizkuntza duten gazteen ehunekoa, «euskara eta gaztelania batera izan dituztenen igoera izan delako»

Handitu egin da euskara ama hizkuntza duten gazteen ehunekoa, «euskara eta gaztelania batera izan dituztenen igoera izan delako»

Atzo ospatutako Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren harira, gaiaren inguruko azken azterketako datuak eman ditu argitara Eustatek; orokorrean, handitu egin da txikitan gurasoengandik euskara jaso dutenen ehunekoa azken hogei urteetan

Amalia Ibargutxi

Jueves, 21 de febrero 2019, 23:23

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Ama hizkuntza delakoa umetan, 3 urte bete arte, ikasten den lehenengo mintzaira da. Euskal testuinguruan, lau aukera jasotzen ditu Eustat erakundeak: umetan euskara bakarrik ikasi zuten pertsonak, gaztelania bakarrik ikasi zutenak, euskara eta gaztelania ia aldi berean ikasi zutenak eta, azkenik, euskara eta gaztelania ez den beste hizkuntzaren bat izan zutenak ama hizkuntza moduan. Atzo ospatutako Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren harira, gaiaren inguruko azken azterketako datuak eman ditu estatistika erakundeak eta, orokorrean, handitu egin da txikitan gurasoengandik euskara jaso duten gazteen ehunekoa azken hogei urteetan.

1996an, Euskadiko herritarren %21,9k zuten ama hizkuntza euskara. 2016an, aldiz, %29,5ek. Gazteei dagokienez, euskara ama hizkuntza bakarra zuten 15 eta 29 urte bitarteko gazteak %18,7 ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, 2016an. Gazteen beste %10,8k euskara eta gaztelania zituzten ama hizkuntzak, eta hamar gaztetik hiruk euskara jaso zuten gurasoengandik txikitan (%29,5).

Handitu egin da, beraz, txikitan gurasoengandik euskara jaso duten gazteen ehunekoa. Hala ere, ohartarazi dute hazkunde hori gertatu dela «euskara eta gaztelania batera ama hizkuntzak izan dituztenen igoera izan delako, euskara ama hizkuntza bakarra dutenen ehunekoa ez baita ia aldatu azken urteotan».

Lurralde historikoek egoera desberdina bizi dute. Gipuzkoan, adibidez, hiru gaztetik batek euskara du ama hizkuntza bakarra, baina gaztelaniarekin batera euskara ama-hizkuntza izan duten gazte guztiak kontuan hartuta, Gipuzkoan ia erdiak dira.

Arabako gazteen artean, %13k ikasi zuen euskaraz etxean txikitan. Bizkaian, %22k. Lurralde arteko desoreka hori eskola sistemak baretu egin duela ere ondorioztatu dute. Izan ere, etxean euskara jaso dutenek baino gazte gehiagok esan dute ondo edo oso ondo hitz egiten duela euskaraz; 2016an Arabako 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %51,4k zioen, Bizkaian bizi diren gazteen %68,3k eta Gipuzkoan bizi direnen %78,9k.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios