https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hamar proiektu saritu dituzte 'Bilbao Gazte Balioak Martxan' lehiaketan

Lehiaketaren kartela./
Lehiaketaren kartela.

Saritu bakoitzak 3.000 euroko saria jasoko du proiektuaren garapenerako

UNAI SARRIUGARTE

Hamar proiektu saritu ditu Bilboko Udalak 'Bilbao Gazte Balioak Martxan' lehiaketan. Ekimena 16 eta 30 urte bitarteko gazteei bideratuta dago, eta, horren bitartez udalak hiriko ingurune soziala hobetzea du helburu. Izan ere, egunerokotasuna hobetzeko asmoz, helburu sozial eta gizartearen beharrei erantzuten dieten sariak dira.

Jaialdiaren bigarren edizioan epaimahaiak 10 garaikur banatzea erabaki du: batetik, hiru unibertsitate-graduko edo goi-mailako graduko ikasleen kategorian; bestetik, zazpi kolektibo eta pertsona gazteen kategorian. Saritutako proiektu bakoitzak 3.000 euro jasoko ditu bere garapenerako.

Proiektu sarituak urte honetan gauzatuak izan behar dira. Aurten, berritasun bezala, proiektuek Nazio Batuen 2030 Agendaren garapen jasangarriaren helburuekin lotura izan behar dute, helburu horietan hiriek funtsezko eginkizuna izango baitute.

'Bilbao Gazte Balioak Martxan' sarien lehenengo edizioan 30 proiektu izan ziren sarituak: 9 ikastetxeen kategorian; 7, unibertsitate-graduko edo goragoko ikasleenean, eta 14, gazte-kolektiboenean.

Aurten, berriz, honako hauexek izan dira proiektu sarituak: batetik, unibertsitate graduko edo goi-mailako graduko ikasleen barruan: Corion, Saiki eta Feeling Cells; bestalde, pertsona eta kolektibo gazteen barnean: Moraza Game, Berdeago, Tazebaez Kooperatiba, Ekobideak, School Natura, Auzoko Zaporeak eta Funghi Thinking.

Epaimahaiak hiru partaide izan ditu: Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko ordezkari bat, Deustuko Unibertsitateko beste bat, Bilbao Balioen Hiria udal proiektuaren talde erredaktorearen izenean aritu dena, eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko bozeramailea.

Epaimahaiak honako irizpide hauen artean erabaki ditu sarituak: sormena, originaltasuna eta izaera berritzailea; proiektua gauzatzeak gizartean dituen inpaktua eta interesa; sustatzaile gazteen lidergoa ekimena diseinatu eta gauzatzeko prozesuan; gizartearen parte-hartzea ideia gauzatzean; proiektuaren kalitate teknikoa eta proiektuaren bideragarritasuna.