Borrar
Hamar euskal herritarretik bederatzik uste dute haur-pobreziak lehentasuna izan behar duela hurrengo Gobernuan

Hamar euskal herritarretik bederatzik uste dute haur-pobreziak lehentasuna izan behar duela hurrengo Gobernuan

Save the Children erakundeak egindako inkestaren arabera, Euskadiko biztanleen %62,6k uste du haurren pobrezia oso arazo larria edo nahiko larria dela Euskadin

Save the Children

Viernes, 10 de julio 2020

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

40dB erakundeak egin duen 'Haurren pobreziari eta haurren kontrako indarkeriari buruzko pertzepzioa' inkestaren emaitzak argitaratu ditu Save the Childrenek, uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ataria. Haurren eta nerabeen eskubideei zuzenean eragiten dieten bi arazori buruz euskal gizarteak duen pertzepzioa islatu nahi izan du txostenak. Hauek dira bi arazo horiek: haurren pobrezia, eta haurren kontrako indarkeria.

Datuek erakutsi dutenaren ildotik, haurren pobrezia desagerrarazteko hartzen den erabaki politiko orok euskal gizartearen gehiengoaren babesa izango luke, Save the Childrenen ustez. «Euskadin, 10 lagunetatik 9k uste dute haurren pobreziaren kontrako borrokak lehentasuna izan behar duela hurrengo Gobernuan. Hauteskunde-kanpaina betean sartuta, une egokia da lehendakarigaiei arazo horien inguruan zer proposatzen duten galdetzeko, Euskadin milaka eta milaka pertsonaren bizi-ibilbidea baldintzatzen baitute arazo horiek», dio Sara Polok, Save the Childerenen Euskadiko egoitzako Haurtzaroari buruzko Politiken Ataleko arduradunak.

Egoera hori arintzeko Eusko Jaurlaritzak garatu beharreko politika publikoei dagokienez, Euskadiko bi biztanletatik batek dio zerga gehiago ordainduko lituzkeela, ordaindutakoa zuzenean haurren pobrezia desagerraraztera zuzenduko balitz. Gainera, 10 lagunetatik 4k uste dute Eusko Jaurlaritzak askoz gehiago egin dezakeela haurren pobrezia, hezkuntza-sistemako aukera-berdintasun falta eta haurren kontrako indarkeria desagerraraztera zuzendutako politika publikoetan.

Haurren pobrezia desagerrarazteko iradokitako neurriei dagokienez, inkesta egin zaien pertsonen %80ren babesa dute neurri horietako gehienek. Hauek nabarmendu dituzte bereziki: hortzen eta ikusmen esparruko doako zerbitzuak (%88,5), 0-3 urtekoen adin-tarterako haurtzaindegien sare publikoa (%86,1), hezkuntza-indargarrien esparruko eskolak ekonomikoki egoera ahulenean dauden ikasleentzat (% 81,9), doako arreta psikologiko espezializatua (% 81,9), lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko zerbitzuak eta doako eskola-jantokiak (% 80,2). Bost haurretatik bat ongizaterik gabeko egoera batean bizi da, eta hamarretik bat pobrezia errealean/larrian, Eusko Jaurlaritzaren Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasunen Inkestaren (2018) arabera, gogorarazten du Save the Childrenek.

COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorio den berreraikuntza ekonomikoko garai hauetan, gizarte-babeseko politikek –hala nola diru-sarrerak bermatzeko errentak (DSBE)– , biztanle gehienen babesa izaten jarraitzen dute. DSBE berritzearen alde daude 4 lagunetatik 3, aldaketa horren bidez seme-alabak dituzten familiei pobreziatik irteten lagunduko dieten mekanismo eraginkorragoak garatu daitezen. Argi erakutsi izan du aurrez Save the Childrenek ere bere txostenetan: DSBE jasotzen duten eta adingaberik beren kargura ez duen pertsonen %47ren pobrezia murrizten du prestazio horrek, baina seme-alabak dituzten familien kasuan, 10etik 4 baino ez dira irteten pobreziatik (%28). Seme edo alaba baten ardura izateagatik osagarri bat eman behar litzatekeela uste du inkesta egin zaien bi lagunetatik batek, kopuru bera adingabe bakoitzeko, jaiotzaren ordena eta seme-alaben kopurua alde batera utzita.

Gehien sufritzen dutenak

Save the Childrenen enkarguz 40dB erakundeak egindako inkestak argiago erakutsi du paradigma aldatu beharra dagoela politika publikoak diseinatzerakoan: familien herenaren iritziz, azken urte honetako egoera ekonomikoak zuzenean seme-alabekin lotutako gastuak murriztea ekarri du; adibidez, dentistarengana joateari utzi diote beharrezkoa zenean, eta elikadura, jantzi edo oinetakoen arloko gastuak murriztu behar izan dituzte.

Igogailu soziala, belaunaldien artean mugikortasuna eta aurrerabide ekonomikoa ahalbidetzen dituena, kimera hutsa da lau familiatatik batentzat, seme-alabak gurasoak eurak baino okerrago biziko direla uste baitute. Praktikan, bi familiatatik batek uste du pobrezia oinordetzan jasotzen den zerbait dela, eta ezinezkoa izango dela pobreziaren zirkulua etetea baliabide urriko familietako seme-alabentzat.

Seme-alabak izateak gastu berriak dakarzkio familiari; seme-alabak haztearen kostua da. Save the Childrenen kalkuluen arabera, familia batentzat, bere ardurapean duen seme edo alaba bakoitzeko batez besteko gastua hilabeteko 615 eurokoa da EAEn, eta gastu hori handituz doa adinarekin: 0-3ko adin-tartean, hilabeteko 551 euro, eta 13-17ko adin-tartean, hilabeteko 714 euro. Inkestari erantzun dioten lagunen %30ak berretsi egin ditu gastu horiek 0-12ko etapetan. Dena den, nerabezaroan, %16,5ek berretsi ditu Save the Childrenen kalkulu horiek; %22,1ek uste du kostua hilabeteko 500 eurotik beherakoa dela, eta zazpi lagunetik batek uste du hilean 900 euro baino gehiago behar direla.

Haurren kontrako indarkeria

Duela gutxi indarkeriaren aurrean haurrak eta nerabeak modu integralean babesteko legearen aurreproiektua onartu izanak esparru publikora ekarri du berriro haurrekin lan egiten duten erakundeek, Save the Childrenek, adibidez, biktimen elkarteek edota Arartekoak berak aspalditik salatu izan duten errealitate bat: milioika haur inolako babesik gabe bizi dira beren erasotzaileekin, isiltasunaren esparruak babesa ematen baitie horiei, eta esparru pribatuetan erabiltzen baitute indarkeria, familian, kirol-elkarteetan edota Elizan, esaterako.

Indarkeriari legezkotasun oro kendu beharra begien bistakoa da: Euskadiko 10 biztanletatik 9ren ustez, haurren kontrako indarkeria, indarkeria modu oro, arazo sozial larria edo oso larria da (erdiak baino gehiagok, %55,5ek, oso larritzat jo dute). Inkestari erantzun dioten gizon-emakumeen ia erdiek diote arazo horri heltzeak eta aurre egiteak lehentasuna izan behar lukeela hurrengo Gobernuan. Babes handiena izan duten neurrien artean, hauek nabarmendu dira: sexu-abusuen biktima izan diren haur eta nerabeentzako arreta espezializatua (10 lagunetik 7k babestu dute neurria), Interneten erabilera seguru eta arduratsuari buruzko prestakuntza nerabeentzat (%60,8), profesionalei eta gurasoei zuzendutako prestakuntza (%55), eta sexu- eta afektibitate-hezkuntzari buruzko irakaskuntza arautua haurrentzat (% 52).

Faktore demografikoa

Euskadiko familien egoera sozioekonomikoak lotura argia du baita ere zahartutako euskal gizartearen demografiarekin. Inkestari erantzun dioten pertsonen artetik, %50ak dio gutxienez 2 seme-alaba izan nahi dituela, baina inkestari erantzun diotenek, batez beste, seme-alaba bakarra dute.

Haur bat izatea erabakitzeko alderdi garrantzitsuenei buruz galdetzean, kostu ekonomikoa ez ezik, kostu pertsonal eta soziala ere kontuan hartu behar dela ikusten da. 10etik ia 7rentzat, funtsezkoa da aurretik enplegu egonkorra izatea; 10etik 4rentzat, berriz, funtsezkoa da lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak lortzea, diru-sarrerak murriztu gabe. 5etik 1entzat, berriz, 0-3 urteko haur-eskolen doako eta kalitatezko sarea izatea da lehentasuna.

Presazko neurriak

Premiazkotzat jotzen da Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) erreforma bat onartzea; Poloren arabera, «seme-alabak ardurapean dituzten familiak hobeto babesteko berariazko neurriak hartu beharko ditu barnean: 120 euroko osagarria seme-alaba bakoitzeko, eta, Arartekoaren proposamenari jarraiki, seme-alabak dituzten familien kasuan DSBE kentzea erabaki aurretik adingabearen interes gorenaren irizpidea aintzat hartzea nahitaez eta inguruabar guztietan, besteak beste».

Save the Childrenek funtsezkotzat jotzen du haurren aurkako indarkeriari aurrera hartzeko eta horren aurrean laguntza emateko estrategia integral bat sustatzea Euskadin, honako hauek jasoko dituena: haurren kontrako sexu-abusuaren biktima direnei arreta integrala eta espezializatua emateko Barnahus eredua edo 'Haurren Etxea' abian jartzea, haurrekin lan egiten duten profesionalei prestakuntza ematea, eta familiei tratu onean oinarritutako hazkuntza egiteko baliabideak ematea. Era berean, beharrezkoa da sexu- eta afektibitate-hezkuntzako eduki arautua eta derrigorrezkoa txertatzea euskal curriculumean, ikasle guztiek hezkuntza hori etapa goiztiarretatik jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

Euskal hezkuntza-sistemak ikasle guztiei aukera-berdintasuna bermatzeko neurriak behar ditu, gaur egun ez baita hori bermatzen; izan ere, arrazoi sozioekonomikoengatik ikasleak gehien bereizten dituen bigarren autonomia-erkidegoa da, Madrilen atzetik.

Zer egin daiteke? Etorkizuneko EAEko Hezkuntza Legean arrazoi sozioekonomikoen ondoriozko eskola-segregazioaren aurkako neurriak txertatzea, ikasle behartsuen kontzentrazioa murrizteko, hala nola: plaza-erreserbak, ikastetxe bakoitzeko gutxieneko eta gehieneko ehunekoak eta bidezko eskolatze-puntuak.

Eta 0-3 urteko kalitatezko haur-hezkuntzako sarbidea erraztea maila sozioekonomiko baxua duten haurrei eta jatorri migratzailea dutenei, etorkizuneko EAEko Hezkuntza Legean plaza eskuragarri bat izateko eskubide unibertsala aitortuz.

Aldi berean, beharrezkoa da kontziliaziorako neurriak berritzen jarraitzea, hala eskatzen baitute familiek eta seme-alabak izan nahi dituztenek. Hala ere, neurri horiek diseinatzerakoan, funtsezkoa izango da haurrak ikastetxean dituen beharrak aintzat hartzea eta lana eta familia bateratzeko begirada bakarra saihestea.

«Hurrengo lehendakariak bere gain hartuko duen proiektu politikoaren barnean Euskadin haurrentzako arazo larriak dituen egoera aintzat hartu beharko da, hala nola eskola-segregazioa eta desoreka; horrez gain, haur eta nerabeen ongizaterako ziurgabetasun handiko egoera ere bada. Haien beharrek lehentasuna izan behar dute, eta, datuek erakusten dutenez, ez da soilik Save the Childrenen eskaera bat, baizik eta Euskadiko herritar gehienen eskaera», ondorioztatu du Polok.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios