https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Hamar egunez pantailak utzi' erronkan parte hartuko dute Euskal Herriko 32 udalerrik

Gizon bat eta bere alaba, zenbait pantailen aurrean./
Gizon bat eta bere alaba, zenbait pantailen aurrean.

Desafio honetan 49 ikastetxetako 5.720 partaidek hartuko dute parte

UNAI SARRIUGARTE

Gaur maiatzaren 14tik hilaren 23ra bitartean Euskal Herriko 32 udalerritako 5.720 haur eta nerabek 'Hamar egunez pantailak utzi' desafioan parte hartuko dute. Ekimen honetan Urruña, Hazparne, Maule edota Donibane Lohizuneko 49 eskola izango dira. Hamar egunez telebista, tableta, ordenagailu, bideo joko eta sakelako telefonorik erabili gabe egotea da erronka honen eginkizuna, eta ekimenaren helburu nagusiak honako hauek izango dira: batetik, pantailan proiektatzen diren jarrera bortitzen ezerezteaz ohartaraztea; bestetik, pantailari begira behar baino denbora gehiago emateak eskolako errendimenduan eragin negatiboa duela aditzera ematea.

Edupax.org webgunean daude ikusgai ekimen honen nondik-norakoak. Eta interesdunek jakin behar dute desafio honetan umeez gaindi, guraso eta herrietako erakunde eta elkarteen parte-hartze aktiboa eta konpromisoa ezinbestekoa dela.

Esan bezala, Urruña, Hazparne, Miarritze, Maule eta Donibane Lohizuneko hainbat ikastetxek hartuko du parte ekimen kolektibo honetan. Egitarauaren antolatzaileek egun hauetarako ekintza ugari antolatu dituzte. Gauzak horrela, bertan mintzaldiak, mahai-inguruak, liburuen aurkezpenak, jan eta edateko guneak edota tailer ezberdinez gozatzeko aukera egongo da.

Egun, jarrera bortitzek presentzia handia dute telebistan nahiz interneten. Gazteei bideratutako marrazki bizidun eta filme askok indarkeria izaten dute hizpide. Bestalde, geroz eta lehenago erosten zaizkie haurrei telefono mugikor eta tabletak, eta hori oso arriskutsua da.

Horrek gazteria une oro pantailen menpe bizitzea ekarri du. Egun ume eta nerabeek hainbat ordu igarotzen dituzte telebista, ordenagailu nahiz mugikorrak erabiltzen eta horrek aurrez aurreko harreman sozialen galera ahalbidetzen ari da.

Duela 15 edota 20 urteko haur eta nerabeek erlazionatzeko edota jolasteko dinamika erabat ezberdinak erabiltzen zituzten: kalera irteten ziren lagunekin denbora on bat pasatzeko asmotan. Egun, berriz, mugikor eta tabletak ezinbesteko tresna bihurtu dira hauetako askorentzat, eta askotan zaila izaten da umeren bat kaletik ikustea pilota batekin jolasean. Argi dago, beraz, hamarkadak igaro ahala modak aldatuz doazela.

Temas

Euskera