https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hamalau luzemetraia arituko dira aurrez aurre Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean

«Nematoma» filma. /
«Nematoma» filma.

Hauen artean Maider Fernandez euskal zinemagilearen «Las Letras de Jordi» filma dago

UNAI SARRIUGARTE

Hamalau luzemetraia arituko dira aurrez aurre Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean. Lehian arituko diren filmen artean Europako, Ameriketako eta Asiako obrak daude. Hauen artean Maider Fernandez euskal zinemagilearen «Las Letras de Jordi» filma dago.

Lehiaketa honetako irabazleak 50.000 euroko diru-laguntza jasoko du, eta garaikurra film garailearen zuzendariaren eta Espainiako banatzailearen artean banatuko dute. Sail honetako saria irabazten duenak Gazteriaren Saria lortzeko lehian ere sartuko da.

Pasa den asteartean, uztailak 30, aurkeztu zituzten jaialdiko Zuzendari Berriak sailean esku hartuko duten hamalau filmak. Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak eta Idoia Elorbe Kutxabankeko ordezkariak sail honetan parte-hartuko duten filmen xehetasunak azaldu zituzten.

Zinemaldiaren antolatzaileek duela hamabost bat egun iragarri zuten 14 film hauetako bat Maider Fernandez donostiar hezitzaile eta zinemagilearen «Las letras de Jordi» ekoizpena izango zela. Fernandezek Tabakaleran lan egin zuen ikus-entzunezko teknikari bezala, eta ondoren, bertako bitartekaritza-taldeko kide izan zen. Zenbait film labur ere zuzendu izan ditu, «Gure Hormek» izenekoa esaterako. Laburmetraia honi esker Zinebiren Sari Nagusia irabazi eta Malagako Jaialdian film labur onenaren saria bereganatu zuen.

«Las letras de Jordi bere lehen film luzea da eta obra hau Ikusmira Berriak egoitza programaren barnean jorratu du. Kontakizun honek Maider berak garuneko paralisia duen 51 urteko gizon batekien duen harremana du hizpide.

Lucia Alamanyren «La inocencia» (Espainia), Ana Garciaren «Las buenas intenciones» (Argentina), Lee Jihyoungen eta Kim Solen «Scattered Nigth» (Hego Korea), David Raboyren «The Giant» (AEB-Frantzia), Fyzal Boulifaren «Lynn+Lucy» (Erresuma Batua-Frantzia), Koichi Doiren «Yoake No Takibi» (Japonia) eta Oren Gernerren «Africa» (Israel) ere zuzendari hauen lehen film luzeak dira.

Bestalde, honako film hauexek ere ibiliko dira saria lortzeko lehian: Jorge Riquelmeren «Algunas Bestias» (Txile), Jorun Myklebusten «Disco» (Norvegia), Delphine Lehericeyren «La milieu lhorizon» (Suitza-Belgika), Hinde Boujeemaren «La reve de Noura» (Tunisia-Belgika-Frantzia), Ignas Jonynasen «Nematoma» (Lituania-Letonia-Ukrania) eta Svetla Tsotsorkovaren «Sestra» (Bulgaria-Qatar).

Zuzendari Berriak saila 1985. urtean jaio zen eta bertan egun oso famatu diren hainbat zuzendarik hartu dute parte: Olivier Assayas, Laurent Cantet, Walter Salles, Kevin Smith, Lee Daniels, Ciro Guerra, Isabel Coixet, Alberto Rodriguez, Telmo Esnal eta Asier Altuna esaterako.

Temas

Euskera