https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Haizeak daramana

Hegazkinean bidaiatzea gozamena da askorentzat, sufrikarioa beste hainbatentzat. Lurra zapaldu ezinak badu halako eragin psikologiko sakon bat, onerako zein txarrerako, barru-barrukoak azaleratzeko bestekoa

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Hegazkinean bidaiatzea gozamena da askorentzat, sufrikarioa beste hainbatentzat. Lurra zapaldu ezinak badu halako eragin psikologiko sakon bat, onerako zein txarrerako, barru-barrukoak azaleratzeko bestekoa. Estatistika hotzek garraiobide seguruena dela dioten arren, horrek ez ditu izutienak lasaitzen, arazoa nimiñoena izanagatik bertigoa sekulakoa delako. Baina hona-hara ahalik eta azkarren joateko ez dago besterik, oso urrutikoetan zer esanik ez, tren azkar baten faltan gertukoetan ere gurean.

Eguraldiak ezin zuzenago eragiten dio hegazkigintzari, baldintza klimatologikoen araberakoa izan ohi direlako bidaiaren erosotasuna eta segurtasuna. Horretarako, zorrotz jokatzen dute aire-trafikoaren ardura duten eragile guztiek, aparailuen zein bestelako edozein faktoreren egoerari dagokienez. Eta hala izan behar du, pertsona askoren bizitza dagoelako jokoan aldioro. Aurreikus ezin daitezkeenak baztertuta, ahalegin guztiak eta bi behar dira ezbeharrik gerta ez dadin, hegazkinean ibiltzeak berme guztiak izan ditzan.

Aspaldion, behin eta berriz errepikatu dira haizeteekin eta lurreratzean horiek eragiten dituzten arazoekin lotutako gertakariak Loiuko aireportuan. Garrasika eta gonbituka amaitzen dute bidaiari ugarik hegaldia, haize zakarraren astinaldien menpe daudela. Ez da halakoren batean jazotakoa, aireportuaren kokapenaren ondoriozko gaitz iraunkorra baizik.

Pentsatzekoa da honelakoetan segurtasuna arriskutan ez jartzeko neurriak nahikoak direla, baina irudiek sekulako ezinegona sortzen dute. Nazioartean erreferentziazkoa den Bilboren gisako hiri batek ezin dio horrelako ongi etorririk inori eman, batik bat aurretiaz ezaguna den arazo baten ondorioz. Eta harritzekoa da Loiuko aireportu berria egin zenean hau kontuan hartu ez izana.

Euskadin aireportuak eta arrazionaltasuna ez datoz bat, maila askotako hainbat interesen erruz ziurrenik. Edozeren gainetik, baina, bidaiarien segurtasuna —eta ongizatea, orohar— egon beharko lirateke, baldintza ahalik eta egokienak lehenestea. Aditu batek baino ez daki hegazkin bat zenbateraino dagoen arriskuan haizeak hain gogor jotzen duen leku batean, baina argi dago inorentzat ez dela atsegina ondo ordaindutako hegaldia horrela amaitu beharra. Eta ezin da ohiko bihurtu.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos