https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hainbat jardueraz osatutako zientzia-jardunaldiak antolatu dituzte «herritarrak gaitu eta ahalduntzeko»

Hainbat jardueraz osatutako zientzia-jardunaldiak antolatu dituzte «herritarrak gaitu eta ahalduntzeko»
C. G. Barrios

Urtarrilaren 18tik 20ra bitartean, egingo dute Bilbon BBK Open Sciencie: adin guztietako parte hartzaileak tailer dibertigarri eta zuzeneko esperimentu bitartez zientziara hurbilduko dituzte

AMALIA IBARGUTXI

Biologiaren esparru desberdinetan esperimentatu eta ikasteko jardunaldiak antolatu dituzte Bilbon urtarrilaren 18, 19 eta 20rako. Besteak beste, aukera izango da menuan transgenikoak detektatzeko, masaileko zelulen material genetikoa analizatu haien osasun egoera ebaluatzeko, edo bioinprimagailu bat fabrikatu, aldatu eta erabiltzeko.

BBK Open Science, Biohacking Open Labs Fest-en lehen edizioak 'Egizu zientzia!' lelopean antolatu du ekimena, Bilborock-en. Adin guztietako lagunentzako pentsatu dute ekimena, parte-hartzaileak tailer dibertigarri eta zuzeneko esperimentu bitartez zientziara hurbil daitezen.

Do It Yourself Biology (DIYbio) nazioarteko zientzia korronte honek, herritar guztiei gerturatu nahi die biologiaren eta zientziaren praktika, ikertzaile profesionalen erreminta eta metodologiak erabilita. BIOOK elkarteak antolatu du festibala, mugimendu hau Bizkaian sustatzen duena.

Bertaratutakoek, DIYbio mugimenduko lagunen ekimen eta proiektuak ezagutu ahalko dituzte. Tartean dira bioinprimatzean espezializatutako Nieves Cubo ingeniaria, Rachel Aronoff Lausanneko Laborategi Komunitarioko Presidente, zientzialari profesional eta biohacker-a, edo Guy Aidelberg ikertzaile eta zientzia irekiaren sustatzailea, herritarrei transgenikoak detektatzeko aukera luzatzen duen 'GMOdetective' proiektuko burua.

Mugimendu honek, azaldu du festibaleko eta BIOOK elkarteko zuzendari Ricardo Mutuberriak, «zientziarako formakuntza praktikoa ahalbidetzen dituzten espazio eta ekosistemen sortzea bultzatzen du, herritarrak gaitu eta ahaldundu eta bioekonomia, ingurunearen hobekuntza eta jasangarritasuna suspertzen dituzten proiektu, produktu eta zerbitzuei ateak irekitzen dizkie».

Doako sarrera

Festibalerako sarrera doakoa izango da, baita ekintza eta tailer gehienak ere. Landu daitezkeen zientzia esparruen artean daude genetika eta osasuna, neurozientzia, mikrobiologia eta bioinprimagailuak.

Beste modu batera esanda, parte-hartzaileek aukera izango dute zeluletako material genetikoa ikusteko, DNA-n kalteak detektatzekoa; gizakiaren edo beste bizidun batzuen nerbio-sistemak nola funtzionatzen duen ikustekoa, neuronak nola komunikatzen diren eta nerbio-sistemak sortzen duen jarduera elektrikoari esker, makina bat edo beste gizaki bat nola manipula daitekeen ezagutzekoa; pertsona boluntarioen elektroenzefalograma ikusteko aukera izango da baita ere; beso bateko giharrak uzkurtzean sortzen diren eragin elektrikoak ikusiko dituzte; eta laser-argizko mikroskopioak fabrikatzen ikasteko aukera ere izango da, gero ur-tanta batean dagoen mikrobizitza eta goroldioan bizi diren mikroorganismoak ikusteko, besteak beste.

Temas

Euskera