https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

GUZTIAREN AURKAKO BELAUNALDIA

'Generación Anti-Todo' pelikularen protagonistak./
'Generación Anti-Todo' pelikularen protagonistak.
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Itsasne eta Iskander gaztetxoek Santurtziko taberna batean ezagutu zuten elkar. Egunsentia zen. Taberna itxi eta gero noraezean abiatu ziren. Kaiak, garabiak, trenbideak eta kaioak zuten lekuko bakarrak. Goizaldeko argi ez-baikoan hitz gutxiko solasaldi baten protagonistak ziren, solasaldi sinesgarri batenak. Hurrengo hitzordu batean Serantes mendira igo ziren. Mutilak bere lekurik kuttunena erakutsi zion neskari. Bertatik ikusgai zuten itsasoaren zabal neurrigabea, batetik, eta ezkerraldeko hirigintza kaotikoa, bestetik.

Menditik beherako bidean Eskorbuto musika taldeko Josu Exposito zenaren etxe albotik pasa ziren. Bertan Subversión X taldeko Alex bizi da orain. Bikotearen jakin-mina ikusirik Alexek barrura sartzera gonbidatu zituen. Etxe barnean taldeko beste partaideak ezagutu zituen eta bertan Ioritz ikusi zuten lehenengoz. Eskorbuto taldeari buruzko erreportaje bat grabatzen ari zen Ioritz. Horretarako, talde mitikoa ezagutu zuen jendearekin biltzen zen, elkarrizketak egiteko. Hori da 'Generación Anti-Todo' pelikularen argumentu-oinarria. Ioritzen lanak eta bikote gaztearen istorioak zein bere aldetik egingo dute aurrera uztartu gabe, bi belaunaldi ezberdinen isla eskaini nahian.

Itsasne eta Iskanderren gurasoak eta irakasleak ez dira kontserbadoreak, ez behintzat, ohiko erara. Izan ere, borrokaren eta progresismoaren eramaile sentitzen dira. Beren seme-alaben balioak mespretxatu egiten dituzte, 'nihilistak' edota 'konformistak' izateagatik. Ez dute onartu nahi orain eurak direla seme-alabak ulertu ez dituztenak, egunen batean euren gurasoei gertatzen zitzaien legez.

Iñigo Coboren opera prima honek Eskorbuto taldearen mitifikaziotik egiten du ihes eta hausnarketa egitera gonbidatzen gaitu.

Zentzu askotan ausarta da film hau. Bi ordutako metraje batekin atrebitzen dira, inon artxiboko irudirik erabili barik.

«Eskorbuto taldearen historian zintzotasuna izan zen ardatz. Horregatik pelikula egiteko orduan guk ere bandera hori hartu nahi izan dugu. Omenaldi gisa gu ere pelikula zintzo bat saiatu gara egiten». Zuzendariaren hitzak dira, estreinaldiko egunean, jendez gainezka zegoen Bilboko areto baten aurrean, Zinebi jaialdiaren barruan. Proiekzio-osteko lagunarteko solasaldietan hori izan zen, hain zuzen, alderdirik nabarmenduena: benetan pelikula zintzo baten aurrean al gaude?

Batzuen iritziz, Eskorbuto marka, publikoa erakartzeko erabiltzen da, arreta gehiago lortu nahian. Haien ustez pelikularen bi argumentu-hariak, hobeto egongo lirateke bakoitza bere aldetik.

Nire uste makalean, filmean proposatzen diren esperimentu batzuek -nerabeen arteko inkesta batzuek esate baterako- ez dute ekarpen handirik egiten eta ni bezalako agureen 'bataila' batzuek ere artaziak eskatzen dituzte oihuka, baina tira.

Lehenengo lan batean ulergarriak diren akatsak akats, nik oso gomendagarri deritzot film honi, Eskorbuto taldearen fanak ez direnei ere interesgarri iruditu ahal zaiena.

Azken finean belaunaldien arteko borrokari buruzko filma dugu hau. Belaunaldi bakoitzak bere garaiko onura eta akatsekin moldatu behar du eta garai bateko moldeak ez daitezke derrigorrez baliagarri izan beste aro batean.

Denetarako ateraldi onak zeuzkan Josu Expositok esana: «Dena zaharturik egongo da, eta gu hilik egongo gara».

 

Fotos

Vídeos