https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gutun Zuriaren edizio berria, Azkuna Zentroan

Gutun Zuriaren aurkezpena./Azkuna Zentroa
Gutun Zuriaren aurkezpena. / Azkuna Zentroa

'Naturara itzultzea, Utopia literarioa ote?' izenburupean, jaialdia apirilaren 23tik 29ra bitartean ospatuko da, eta, bertan, literatura garaikidearen izen handiak parte hartuko dute

ELCORREO.COM

Urtero bezala, Azkuna Zentroak Gutun Zuria, Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia, antolatuko du aurten ere. 'Naturara itzultzea, Utopia literarioa ote?' izenburupean, jaialdiaren XI. edizioa ospatuko du apirilaren 23tik 29ra bitartean, eta, bertan, literatura garaikidearen izen handiak parte hartuko dute.

'Walden' edota 'Desobedientzia zibila' lanen autorea den David Thoreau idazlearen berrehungarren urteurrena atze-oihal izanik, jaialdiak naturarekin harremanetan mantentzeko beharraren hausnarketa, pertsonen eta naturaren arteko orekaren sustapena eta natura basatiaren itzulera paradisu galdu gisa proposatzen du.

Antolatzaileek diotenaren arabera, aurtengo Gutun Zuriak mahai gainean jarriko du kapitalismoan eta pilatzean oinarritutako gaurko gizartearen kritika. Horrez gain, gizaki garaikidea lagundu nahi du gure gizartean galduta dagoen poztasunaren bilaketan.

Hamaika urte hauetan, ehun idazle baino gehiago bertaratu dira Letren Nazioarteko Jaialdira publikoak ezagutu ditzan.

Musika, zinema, arte biziak...

Gutun Zuriaren hasierak Liburuaren Egunarekin bat egiten du. Aurten izen handiko idazleak egongo dira; Manuel Rivas, Stefano Mancuso, Eudald Carbonell, Maja Lunde, Lars Myting, Bernardo Atxaga, Hasier Larretxea, Ixiar Rozas, Maider López, Aingeru Epaltza, Juanra Madariaga, Terry Tempest Williams eta César Aira, besteak beste.

Naturak berez duen laztura eta edertasuna azaleratzen dute idazle hauek. Izan ere, testuek nahitaezko proposamena dute. «Idazleek naturara begiratzen dute pertsonak eta natura gauza bera direla uste osoa izanda eta poztasunaren alde idazten dute barru barruko eta banakako sentimendua oinarri izanik», gogoratzen dute antolatzaileek.

Honetaz guztiaz mintzatuko dira Bilboko publikoarekin izango duten bilkuran. Solasaldi hauek 'Irakurlearen ordua' saioarekin bukatuko dute, eta, bertan, parte-hartzaileek jaialdira urtero etortzen diren izen handiko idazleekin hitzartzeko aukera izango dute. Horrez gain, aurten, solasaldien aurretik parte hartuko duten idazleen pasarte bat irakurriko da.

Gutun Zurian hitzez gain musika, zinema, arte biziak eta zientzia- eta historia-dibulgazioko ekimenak izango dira nagusi. Honengatik guztiarengatik, Azkuna Zentroa, beste urte batez, sorkuntza artistikoen topaleku bilakatuko da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos