https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gutun trukearen bidez, liburua sortuko dute Iban Zaldua eta James Robertsonek

Iban Zaldua eta James Robertson./Etxepare InstitutuA
Iban Zaldua eta James Robertson. / Etxepare InstitutuA

'Chejov vs. Shakespeare' proiektuarekin, Europa, identitatea, hizkuntza eta literatura izango dituzte mintzagai uztailera bitarte. Bakoitzak bere hizkuntzan idatziko ditu eskutitzak, euskaraz eta eskoziera

AMALIA IBARGUTXI

Bueltan da nazioarteko idazleek elkarri gutun publikoak/irekiak bidaltzeko ekimen literarioa. Aurten, Euskal Herria eta Eskoziaren arteko harremana estutzea du xede proiektuak, eta horretarako, Iban Zaldua eta James Robertsonek Europa, identitatea, hizkuntza eta literatura izango dituzte mintzagai. Gai horien inguruan dituzten ikuspegiak ezagutu eta partekatzeko balioko du elkarrizketak, gero liburu bilakatuko dutena.

'Chejov vs. Shakespeare' proiektua euskal sorkuntza garaikidea ezagutzera emateko sortu zuten 2016an, Donostiako Kultur Hiriburutzaren baitan. Lurralde eta hizkuntza ezberdinetako idazleek Europaren erronka eta gatazken inguruan gutun bidezko elkarrizketa sakon bat izatea zuten helburu. Edizio berri honetan, Zalduak eta Robertsonek 12 eskutitz bidaliko dizkiote elkarri, bakoitzak sei. Gutunotan, Europa, identitatea, hizkuntzak eta literatura izango dituzte mintzagai, eta trukaketak bi idazleek gai horien inguruan dituzten ikuspegiak ezagutu eta partekatzeko balioko du.

Bakoitzak bere hizkuntzan idatziko ditu eskutitzak, batak euskaraz eta besteak eskozieraz. Bi idazleek otsailean bertan ekingo diote gutunak elkarbanatzeari; Robertson izango da lehena. Uztailean emango diote amaiera elkartrukeari.

Material guztia liburu batean

Proiektuaren edizio berria Etxepare Euskal Institutuak sustatu du, '2019 Scotland Goes Basque' Eskozian euskal kultura, arteak eta euskara ezagutarazteko burutzen ari den programaren baitan.

Gutunen trukea amaitutakoan, 2016. urtean egin zen bezala, idatzitako material guztia bildu eta liburu batean argitaratuko da. Horrekin batera, Edinburgon abuztuan egiten den Edinburgh Book Festival literatura jaialdian mahai-inguru bat egingo dute bi idazleek, gutunetan hausnartutako gaiak landu eta ideia horien inguruko eztabaida irekia sortzeko.

Iban Zaldua donostiarrak ipuin laburrak idatzi ditu gehien bat, baita hainbat eleberri eta saiakera liburu ere. Sari asko jaso ditu bere lanagatik, horien artean Euskadi Literatura saria, 2006an, 'Etorkizuna' ipuin bildumarekin. Egun, bere idazle lana irakaskuntzarekin uztartzen du, Euskal Herriko Unibertsitatean. James Robertsonek, bestalde, ipuin laburrak, poesia, haurrentzako literatura eta eleberria jorratu ditu bereziki, ingelesez eta eskozieraz, baita hainbat ingelesezko argitalpen eskozierara itzuli ere; tartean, Winnie the Pooh hartzaren ipuinak.

Temas

Euskera