https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Guretzat taldea familia moduko bat da: aterpe bat»

Ezkerretik eskuinera Jon Corres, baxua; Ibon Aguirre, bateria, eta Ibai Ayerza, abeslaria./Mauri Martin
Ezkerretik eskuinera Jon Corres, baxua; Ibon Aguirre, bateria, eta Ibai Ayerza, abeslaria. / Mauri Martin

Dekot Rock taldeak 'Demak' diskoa kaleratu du

IRAITZ URKULO

Lau urte igaro dira Dekot taldea sortu zenetik. Aldi horretan taldeak aldaketa ugari jasan ditu, eta Ibai Ayerza horien guztien lekuko izan da. Bera da proiektuan iraun duen talde originaleko kide bakarra eta, horregatik hain justu, gaur egungo hirukotearen burua. Harekin batera, Jon Corresek eta Ibon Aguirrek osatzen dute Dekot.

Ezohiko ibilbidea da haiena. Urte luzez kontzertuak eskaini ondoren, oraintxe atera dute lehen diskoa, 'Demak' izenekoa. Proposamen konplexua da, letra landuak eta harmonia mailan geruza ugari dituena. Azkenaldian, ordea, musika ulerterrazagoa egitea dabilkie gogoan, «kontzertu gehiago eskainiz gozatzeko helburuarekin». Hala aitortu digu Ibai Ayerza abeslariak.

-Nortzuek osatzen duzue Dekot musika-taldea?

-Ibon taldearen bateria da; Jon, baxua, eta ni, abeslaria eta gitarra-jotzailea. Abestiak sortzeaz arduratzen naiz, eta gero haiek beren instrumentu eta estilora egokitzen dituzte. Ibon lasaigarri moduko bat da guretzat; Jon, ideia txarrak dituen pertsona on bat, eta ni, lanean jartzen dituen nagusi gogaikarria.

-Diozuenez, taldea da zuen bizilekua. Nola da hori?

-Ordu nahikotxo ematen ditugu entseguetan, baina hortik kanpo ere elkarrekin joan ohi gara kontzertuetara, apunteak zein garagardoak hartzera. Guretzat taldea familia moduko bat da: aterpe bat.

-Rock alternatibotzat jo genezake zuen musika?

-Egia esan, ez gara oso trebeak 'etiketak' jartzen. 'Alternatibo' hitza, finean, komodin moduko bat da esateko ez dela irrati formulako ohiko musika. Defini gaitzatela irratietako adituek.

-Abesti arras ezberdinek osatzen dute zuen errepertorioa. Ez duzue batere gustuko beti estilo berean aritzea.

-Ez. Dekot lapiko bat da eta bertara denetariko osagaiak botatzen ditugu. Horrela ez gara beti 'purea' bakarrik jaten ibiltzen.

-Nondik edaten duzue? Zein talde edo bakarlariren eraginak jaso dituzue?

-Azken aldian gure estiloarekin zerikusi zuzena ez duten bertako taldeak entzuten ditugu: Madeleine, Sofa, Urgatz. Ibonen furgonetan Foalsen 'Total Live Forever' diskoak sei hilabete eman zituen entzungailutik atera gabe. Eta nire Spotifyn The Pigeon Detectives, Mando Diao, Babyshambles, Black Honey eta The Libertines aurki daitezke.

Estudioko lana

-Azpimarratzekoa da diskoaren soinu-kalitate bikaina. Grabaketan garrantzi handia eman zenioten alderdi horri?

-Garrantziaz gain, dirua ere bideratu genuen alderdi horretara. Bidesaria eta erregaia ez zeuden merke, baina pentsatu genuen: «behingoagatik disko oso bat grabatzera goazela, zergatik ez eman hari merezitako soinua?».

-Non grabatu zenuten? Norekin?

-Haritz Harreguy 'Mermeladis'ekin grabatu genuen, Usurbilen. Ondo zukutu gintuen. Arin igartzen ditu taldeen indarguneak, eta badaki non estutu. Hori bai, bertara joan aurretik komeni da autoestimua leku seguru batean gordetzea. Han eman genituen egunetan, gure ibilbiderako ezinbestekoak izango diren gauza asko ikasi genituen.

-Zuen esanetan, abestien letrak «kritikari buruzko kritikez, kontraesanez eta hausnarketa ez oso profesionalez» beteta daude. Nola ulertu behar dugu hori?

-Letrak bi modutara uler daitezke: batzuek galderak planteatzen dituzte, besteek erantzunak. 'Etxea' abestian ekologista batzuen kritikari kritika egiten diet. Ez dut euren mezua zalantzan jartzen, baina bai arazoa planteatzeko modua. «Esan, hain zaila da egoera errenditzeko gogoa ematen duela gehiegitan». Ez ote dago berri positiboagorik arazo horiei heltzeko eta gure jarrera hobetzeko?

«Gure musika sinplifikatzeko bidean gara, esentziari uko egin gabe»

-Zertan da ezberdina Dekoten musika? Zerk egiten zaituzte berezi?

-Behin entzun nion Tere Irastortza irakasle-ohi eta poetari dena asmatuta dagoela, baina ez duzula zeuk asmatu. Norberak berrasmatzeak hura berezi egingo balu bezala… Hala ere, benetan diotsut: galdera horren erantzuna gure kontzertuetan dago.

-Zerekin topo egingo du, bada, zuen kontzertuetara doan jendeak?

-Hasi ginenean, oholtza inguratzen zituzten faktoreei erreparatzen genien: argiei, gainerako taldeei, soinuari, eta abar. Orain, agertokian gaudenean, guk geuk kontrola ditzakegun faktoreei ematen diegu garrantzia, eta askoz gehiago gozatzen dugu. Gure proposamen berri honetan umorea eta probokazioa bidelagun ditugu; abesti berri pila, birziklatutako kantuak, rapari keinuak, oihuak, tarte dantzagarriak. Kontzertuetan garen bezalakoak agertzen gara.

Hamaika geruza

-Zuena ez da proposamen arina, ezta iluna ere; bai, ordea, sakona eta geruza askokoa, harmonia zein mezu mailan.

-Bai, apur bat konplikatuak gara. Uste dut badugula zer hobetu. Sakontasuna ez dago modan. Azalkeriak eta dena eskura izateak balio du egun.

-Badirudi nekagarria egiten zaizuela leku guztietan entzuten den musika arina.

-Ez. Gu musika arinaren kontsumitzaile pasibo zein aktiboak gara. Utz ditzagun itxurakeriak alde batera: Dekoteko kideok Dua Lipa ere entzuten dugu. Egia da, era berean, aldaketa garaian gaudela; gure proposamena sinplifikatzeko bidean gara, esentziari uko egin gabe.

-Lehen diskoa duzue 'Demak', baina lau urte igaro dira jadanik Dekot sortu zenetik.

-Demak diskoa jaio da taldea horretarako prest egon denean. Diskoa horrelakoa baldin bada, bizi izan dugun guztiagatik izan da. Azken batean, edozein diskok taldearen egoera islatzen du grabaketaren unean.

«Gure proposamenean umorea eta probokazioa bidelagun ditugu»

-Bidean zehar aldaketa ugari izango ziren.

-Aldaketei askotan abizen ugari jartzen zaizkie: zauriak, ikasketak, hobekuntzak. Ni abizenekin gelditzen naiz. Bizi izan dugunagatik gara gaur egun garena. Gure ikuspegia eta gustuak aldatu dira, bai, eta eskerrak… Ziur naiz 2019rako dakargun proposamen berrian igarriko direla.

-Bilbao BBK Live bezalako jaialdi handietan eta lokal txikietan jo izan duzue. Zeinetan aritzen zarete erosoen?

-Bilbao BBK Live jaialdian jo genuen, 20.000 pertsona baino gehiago sartzen diren gunean, nahiz eta '0' horiek guztiak falta izan zitzaizkigun. Gu eroso sentitzen gara aretoa edo zelaia beteta dagoen edozein lekutan. Hori bai, ez nioke ezetz esango BBK Liven berriro inurri sentitzeari.

-Zer da arrakasta zuentzat? Zer helburu bete nahi zenukete?

-Guretzat arrakasta da kaktus batentzat euria dena. Helburua argi dugu: kontzertu gehiago emanaz batera disfrutatzea. Kontzertu egarriz gaude.

Temas

Euskera