https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gure Zirkua Bizkaiara helduko da gaur

Gure Zirkua Bizkaiara helduko da gaur
E.C.

Ekainaren 30era egongo da Mungian, eta, astebeteko atsedena hartu ostean, uztailaren 12tik 20ra, Bakion

EL CORREO

Gure Zirkua lehen euskal zirku ibiltariak 16 emanaldi eskaini ditu Gasteizen ekainaren lehenengo hamabostaldian, eta, gaurtik, Bizkaian izango da hilabete batez Mungian eta Bakion eskainiko dituen emanaldiekin. Ekainaren 21etik 30era egongo da Mungian, eta, astebeteko atsedena hartu ostean, uztailaren 12tik 20ra, Bakion. Zirku ibiltariak Bizkaian aurten eskainiko dituen azken emanaldiak izango dira hauek, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez sarrerak salgai daude jada Ticketea eta Eventbrite atarietan eta zirkuko txarteldegian.

Gure Zirkuak bigarren birari ekin zion joan den maiatzaren 3an, iaz egindako lehen biran 25.000 ikusle baino gehiago erakarri ondoren. Esan bezala, azken hilabete eta erdian Oiartzunen, Berrizen eta Gasteizen izan da, eta jada 9.000 pertsona inguruk ikusi dute aurtengo birako ikuskizun berria.

Zehazki, Mungian 11 emanaldi eskainiko ditu, Atxurizubi parkean, ekainaren 21ean, 22an, 23an, 28an, 29an eta 30ean, eta Bakion beste zortzi, herriko parkean (Goienkalen), uztailaren 12an, 13an, 14an, 18an, 19an eta 20an.

Artista euskaldunak

'Gure zirkua' Iker Galartza aktoreak bultzatutako proiektua da. Galartzak aspaldi zuen amets bat zen, izan ere, Italiako Zirkuan noizean behin lan egin du. Horrela, 2017. urtean karpa bat erosi zuen eta entseguak egiten hasi ziren, hainbat artista euskaldun proiektuan parte hartzeko gogoa agertu zutelako. Urte amaieran zenbait emanaldi egin zituzten Tolosan, eta arrakasta handia izan zutenez, 2018ko udan Euskadin bira egiten ibili ziren.

Gure Zirkua Frantziako zirku txikien antzekoa da, eta besteak beste malabaristak (Ekain Ibarguren), akrobatak (Koldo Arakistain eta Irati Gonzalez), pailazoak (Iker Galartza), ekilibrista (Garazi Pascual), trapezista (Iraitz Lizarraga), magoa (Asier Kidam) eta musikariak (Ibon Mendibil eta Unai Zabaleta) daude. Aurkezle lanetan Galartza bera eta Joseba Usabiaga aktorea aritzen dira. Ez ezazu pentsa eta anima zaitez ikuskizun horretaz gozatzera.