Agian iragana memorian edertzeko joera dugulako edo joan den mendearen erdialdean haurtzaro oparoa izan zutelako, askori entzuten diogu orduan etxeak handiagoak zirela, edo entzuten diegu gela bakoitzeko hamaika pertsona biltzen dituen logela gaurko asmakizuna dela, edo langile pobreak azken urtetako kontua direla.
Publicidad
Sasoi hartan guretzat pobreak etxegabeak ziren edo eskaleak. Ez zitzaidan niri pobrea iruditzen nire aldameneko ikasmahaian esertzen zen neska, familia osoa gela bakarrean bizi bazen ere, ez zitzaidan pobrea iruditzen euria egiten zuenetan etxe osoa bustitzen zitzaion eskola kidea, are eskolara ekartzen zuen arropa, ezta etxean komunik ez zutenak ere.
Joan dira geroztik hamarraldiak eta oraindik ere pobrezia hemen dago, ez bakarrik mundu urrun batean. Gurekin batera bizi dira etxegabeak, eskaleak, gure artean bizi dira elikagaiak gosearen ilaratan lortzen dituztenak, gosea agian ez, baina gutxienez elikadura egoki baten gabezia sufritzen dutenak. Gurean bizi dira neguan etxea berotzeko modurik ez dutelako eguzkia gordetzen denean ohera bero bila sartzen direnak, ur hotzaz garbitzen direnak, etxean argindarrik ez dutenak.
Ez dira beste mundukoak hilekoak eskatzen dituen baliabideak lortzeko nekeak dituzten emakumeak, ezta janaria nola hala lortzen badute ere beharrezko dituzten botikak erosteko dirurik ez dutenak, musukoak egunero aldatzeko aukerarik ez dutenak, lana izanda ere soldata hilaren bukaera baino lehen desagertzen ikusten dutenak, on-line ikasteko baliabideak ez dituztenak.
Hori diote urtean zehar argitaratzen diren azterketek, hori da guztiok dakiguna, sarritan ezjakinarena egitea erosoago bazaigu ere. Beste nonbait pobre gehiago daudela? Bai, baina hemen ere badaude. Are gehiago jakin badakigu pobreen artean pobreenak emakumeak direla, emakumeak eta haurrak.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión