https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Guggenheimek ateak zabalduko ditu astelehenean Museoaren Lagunentzako

Museoaren Lagunen seme-alabek tailer dibertigarri batean parte hartu ahalko dute, eta bertan, bizia emango diete haiek eraldatutako objektuei

ELCORREO.COM

Guggenheim Museoak ateak zabalduko ditu datorren astelehenean arratsaldeko 16.30etik 20.30era, Museoaren Lagunentzat soilik. Horrela hasiko du «jarduerez betetako» Gabon kanpaina, museo bilbotarraren arduradunek jakinarazi dutenez.

Erakusketen diseinu taldearen lan-sistema bertatik bertara ezagutu, edota 'Artea eta espazioa' eta 'David Hockney: 82 erretratu eta natura hil 1' bezalako erakusketen antolakuntzaren inguruko jakinmina ase nahi duten Lagunek hori egiteko aukera izango dute, 17.00etatik 18.15era.

Bien bitartean, beste Lagun talde batzuk publikoari itxitako guneetan zehar ibiliko dira, hala nola aire girotzea, suteen aurkako babesa edo argiztapena bisitatuko dituzte. Azken talde batek 14 artelan teknologiko bisitatzeko ibilbidea egingo du. Museoak lan horiek ikertu eta artatzen dihardu 2017tik.

Era berean, Museoaren Lagunek 'Kaxa' magia ikuskizunaz gozatu ahalko dute. «Esperientzia berezia» izango da, oso gune txikian garatuko dena, eta Nacho Diago magoaren laguntzaz «ezinezkoa erreal bilakatuko da». Proposamen hori 16.30etik 19.30era izango da, Atrioan.

Museoaren Lagunen seme-alabek tailer dibertigarri batean parte hartu ahalko dute, eta bertan, bizia emango diete haiek eraldatutako objektuei. Kukuru Festival konpainiako kideen gidaritzapean, haurrek hainbat pista segituko dituzte museoaren aretoak eta 'Artea eta espazioa' erakusketako artelan batzuk eraldatzen ikusteko. Tailer hori 17.30ean eta 18.30ean izango da.

Performance

Halaber, Juan Perez Agirregoikoa artistak eta Jose Mari Zabala zinemagileak joan den urriaren 1eko performance kontzertuaren grabazioa eta bideoa aurkeztuko dituzte. 500 Lagun bildu zituen ekitaldiak, museoaren 20. urteurrena zela eta. Bideoa 18.15ean aurkeztuko dute Entzungelan, eta horrez gain, performancean parte hartu zutenek pieza anitz bat jasoko dute, zenbakitua eta artistak sinatua: horren barruan, binilozko disko bat, poster bat eta kantutegi bat topatuko dute. Leioa Kantika Korala osatzen duten ahotsekin amaituko da jardunaldia, eliz musika nahiz profanoa, musika herrikoia, europarra, baltikoa eta asiarra hartzen duen errepertorio anitzarekin.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos