https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gozatu Sestao, tokiko merkataritza dinamizatzeko kanpaina

Kanpainaren aurkezpena./Sestao
Kanpainaren aurkezpena. / Sestao

Aurtengo jarduera nagusia irristaketa pista izango da, Kasko Plazan jarriko da eta egunero funtzionatuko du

ELCORREO.COM

Totiko merkataritza sustatuko duen kanpaina sortu du Sestaoko Udalak. Aste honetan aurkeztu dute aurtengo programa Ekonomia Sustapena arloko Leire Corrales zinegotziak eta Merkatarien Elkarteko Fernando Miravalles lehendakariak. Lehen bi ekitaldien arrakasta ikusita, entitate biak elkarlanean arituko dira tokiko merkataritzaren udaberriko jai handiari bultzada emateko. Ekimen hau merkataritza sektorea sustatu eta dinamizatzeko egiten da eta aurten egun eta parte-hartzaile gehiago izango ditu.

Zehazki, programa luzatu egingo da eta jarduketak zazpi egunez izango dira -maiatzaren 21etik, astelehena, 27ra arte, igandea- eta batez ere familian dibertitzera bideratuta egongo dira. Era berean, aurten izena eman duten saltokiak 103 dira, eta horrek hazkunde txiki bat suposatzen du iazkoarekin alderatuta.

Gozatu Sestao programaren jarduketa nagusia Kasko Plazan irristaketa pista bat jartzea izango da kanpainak irauten duen zazpi egunetan. Bertan sartu eta erabiltzeko, merkatariek gonbidapenak banatuko dizkiete udalerriko saltokietan kontsumitzen dutenei.

Aurreneko aldiz, kanpainak Sestaoko kaleetan zehar jendeari zortea banatzen ibiliko den maskota bat izango du. Izan ere pertsonaia dibertigarri honekin selfiea atera eta Merkatarien Elkarteko whatsapp zenbakira argazkia bidaltzen duten herritar guztiek 20 euroko erosketa-txartelen zozketan parte hartuko dute elkarteko bazkide diren 103 saltokietan gastatzeko.

Era berean, astelehenetik ostiralera, bereziki haurrentzako gynkana bat egongo da. Zentzu honetan, Gozatu Sestao maskotaren panpina txikiak jarriko dira zenbait saltokiren erakusleihoetan eta horiek aurkitzen dituzten lehen haurrek litxarreria poltsa bana jasoko dute, egun bakoitzean 30 litxarreria poltsa banatuko direlarik.

Ostiralean, maiatzak 25, arratsaldean, Rock'n Brass txaranga Sestaoko kaleetan barrena ibiliko da jai giroa sortu eta jendeari udalerriko saltokietan eros daitezkeen produktu eta zerbitzuen eskaintza zabalaren berri emateko.

Larunbat goizean, Kasko Plazan, bereziki haurrei zuzendutako jarduketa gastronomikoa egongo da, Txiki Chef izenekoa eta baita puzgarri lehiaketa bat ere. Arratsaldean, zortzi eta erdietatik aurrera, Jorge Cánovasek kontzertu bat eskainiko du kioskoan, Joaquín Sabina, Pablo Alborán eta Fito Cabrales taldeen bertsioak interpretatuz.

Bukatzeko, igande eguerdian tokiko merkataritza bultzatzeko lehendabiziko Eko-bizikleta ibilbidea egingo da. Ibilbidea zirkuituari bi buelta ematea izango da eta Kasko Plazan hasi, Kuetoko Gurutzeraino Vicente Blasco Ibáñez kaletik igo eta Kale Nagusitik hasierako puntura bueltatuko da. Sariak egongo dira mozorro barregarriena jantzita daramatenentzat eta parte-hartzaileen artean txartelak zozketatuko dira. Ibilbidea amaitzen denean, sari-banaketari ekingo zaio eta 2018 pintxo lehiaketaren aurkezpena egingo da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos