Gozatu Galdakaoko Ibilaldiaren abestiaz eta bideoklipaz
Eguzkibegi ikastolak antolatuko duen Bizkaiko Ikastolen jaiaren kantak 'Magaletik herrire' du izena eta, bideoklipa bezala, Oxabi taldeak egin du. Letra, aldiz, Gotzon Barandiaranek eta ikastolako ikasle talde batek osatu dute
Aurtengo Ibilaldia maiatzaren 25ean ospatuko da Galdakaon eta Eguzkibegi Ikastolak antolatuko du. Bizkaiko Ikastolen jaiaren 47. edizioa izango da, betiko helburuekin: ikastetxeetako hezkuntza proiektuak ezagutaraztea, erronka berriei aurre egiteko baliabideak lortzea, euskara sustatzea, genero-rolak gainditzea, eredu iraunkorra izatea (garraio publikoa sustatuz), ikastolen komunitateak parte hartzea, eta euskal nortasuna eta kultura bezalako balioak gizarteratzea.
Bada, ostiral honetan arratsaldean, Torrezabal kultur etxean aurkeztu dituzte edizio berriaren 'Magaletik herrire' kanta eta bideoklipa. Oxabi taldearen eskutik heldu da abestia, eta Gotzon Barandiaranek eta ikastolako ikasle talde batek osatu dute letra. Aurkezpena arratsaldeko zazpietan hasi da, Arkaitz Estiballesen bertso batekin: «Eguzkibegi egin zidan euskaldun eta bertsolari...», esan du bertsolari galdakoztarrak.
Oihane Arana ikastolako lehendakariak eta Edurne Espilla Udaleko ordezkariak ere parte hartu dute. Eta pantaila handian proiektatu dituzten bi bideoetan Mikel Larunbe eta Oier Zearra pilotariak, Itziar Ituño aktore eta abeslaria, Irati Bediaga idazlea, Julen Telleria tekebista aurkezlea, Igor Anton txirrindularia eta Porrotx eta Marimotots pailazoak agertu dira. Gogorarazi dutenez, udalerri bizkaitarrak Ibilaldia hartuko duen bigarren aldia izango da, 2009an egin eta gero.
Horren ostean, oso dibertigarria izan den Piku maskota ere ikusi ahal izan dugu, eta kanta berriari hitzak jarri dizkioten Amaia Gojenola Zorroza, Haritz Gortazar Tutor, Libe Dilan Bikim Euba, Naroa Elorriaga Zorroza, Nora Vellido Doistua, Oier Zelaia Belar, Urtzi Larrabeitia Zubero eta Uxue Rasche Cuñado ikasleak oholtza gainean izan dira prozesua nolakoa izan zen azaltzen. Jarraian, Ibilaldiaren ereserki berria entzuteko unea iritsi da, eta horrek publikoaren txalo zaparrada handia ekarri du.
Eta ekitaldia agurtu aurretik Taupadak dantza eskolak eta Eguzkibegi ikastolako zenbait ikaslek oholtza gainean dantzatu dute. Zalantzarik gabe, festa hau aurtengo Ibilaldia izango denaren atariko izan da.