https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Goya: gorte ilustratuaren analisi psikologikoa

Francisco de Goyaren 'Karlos III.a, Ehiztari'./
Francisco de Goyaren 'Karlos III.a, Ehiztari'.

Erakusketak maiatzaren 28ra arte iraungo du Bilboko Arte Ederren Museoan eta interesdunek Zaragozako artistaren 96 koadroez gozatu ahal izango dute

Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍA

San Valentin egunetik, aukera paregabea eskaintzen digu Bilboko Arte Ederren Museoak Francisco de Goya (1476-1828) margolari espainolaren lana hobeto ezagutzeko. 'Goya eta gorte ilustratua' erakusketak maiatzaren 28ra arte iraungo du Bizkaiko hiriburuan eta artistaren obra gure begiekin ikusteko aukera ezinhobea aurkezten digu. Ekimenari esker, interesdunek Goyaren estiloaz gozatu ahal dute (96 koadro daude ikusgai) eta bere bizitzan izandako norgehiagokak ezagutu ere bai. Gainera, erakusketa berean, Zaragozako margolariaren lanak XIX. mendeko beste zenbait artista ospetsuen pinturekin nahastu egiten dira.

Esposizioan sartzerakoan, bisitariak Karlos III.aren erretratua aurkitzen du. Bertan, antzeman daiteke margolariak ikuspegi psikologiko bat ematen diola koadroari; izan ere, jarrera lagunkoi batean aurkezten du Felipe V. eta Isabel de Farnesioren semea. Begitartea zimurrez betea agertzen da Espainiako erregea (ez da ohiko kontua ordura arte egindako erregeen erretratuetan), eta garrantzia handia ematen dio ere berarekin etzanda dagoen txakurrari.

Zaragozako margolariaren koadroak XIX. mendeko beste zenbait artista ospetsuen pinturekin nahastu egiten dira erakusketan

Hiru euro ordainduta, gainera, audiogidan eskaintzen den azalpenaz gozatuko du bisitariak, eta koadro honetan, zehazki, txakurrak herria irudikatzen duela jakingo du. «Osasuntsua, lasaia eta zoriontsua». Merezi du aipatzea ere, ohiko kontua dela Goyaren lanetan txakurrak agertzea, animali hori oso pieza garrantzitsua baita ehiza munduan, artistaren pasio nagusienetakoa.

Pintura garaikideko aita

Kromatismoa oso garrantzitsua da Zaragozako margolariaren obran. Artistak erabiltzen dituen kolore biziez gozatuko dute Bilboko Arte Ederren Museora hurbiltzen diren interesdunek eta bere bizitzaren fase desberdinetako ekoizpen artistikoak aztertu ahal izango dituzte. Adituen arabera, Goyaren lana hiru etapetan sailkatu daiteke eta Bizkaiko hiriburuko museoak fase bakoitza laburbiltzen duen lan bilduma jaso du bisitariak mende horri buruzko ikuspegi orokor bat izan dezan.

Hortaz aparte, aipatzekoa da bere ekoizpen artistikoa eragin handia izan zuela ondorengo egileengan eta aditu askok pintura garaikideko aita bezala kalifikatzen dutela.

Interesdunek irakurri ahal izango dituzte Goyak bere lagun onenari, Martín Zapaterri, idatzitako eskutitzak

'Goya eta gorte ilustratua' esposiziora hurbiltzeko intentzioa dutenek, gainera, jakin behar dute, bertan, koadroez aparte, bere lagun onenari, Martín Zapaterri, idatzitako eskutitzak ikusi eta irakurri ahal izango dituztela ere bai. Gaztaroko urteetan berarekin partekatu zituen ehizarekiko zaletasuna eta beste zenbait esperientzia, eta euren arteko harreman estua eztabaidaezina da. Are gehiago, Zapaterren hiru erretratu ikusgai daude Bilboko erakusketan, eta, irudi horiei esker, ikusleak erraz antzeman dezake urteen igarotzea.

Garai horretako gorteko beste zenbait aristokrata marraztu zituen ere Goyak eta Bilboko Arte Ederretako Museoko erakusketan talde horretan sartuta dauden hainbat euskaldun erretatratatu zituela jakin behar du irakurleak. Horien artean, merezi du azpimarratzea José María Magallón y Armendáriz markesaren irudia, Joaquín María Ferrer y Cafranga merkatari eta politikoarena eta Juana Galarza de Goicoechearena.

Euskadiko herri baten lehen irudi modernoa

Hori nahikoa ez balitz, erakusketan XVIII eta XIX. mendeko beste artista ospetsuen lanak ikusteko aukera dago ere bai. Nabarmentzekoa Luis Paret y Alcázar-en (1746-1799) 'Bermeoko bista' lana. 1783. urtean margotutako pintura honek interes historiko itzela du, balio artistiko handia ez ezik; izan ere, Kantauriko kostaldeko portuak erakusten dituzten koadroen saileko lehen obratzat hartua da, eta madrildar artistak marraztutako Euskadiko lehen irudia.

Luis Paret y Alcázar-en 'Bermeoko bista'.
Luis Paret y Alcázar-en 'Bermeoko bista'.

Goyaren urte berean jaio zen Paret, eta, zorigaiztoko gorabehera biografiko batzuk zirela eta erbesteratu egin behar izan zuelarik –Puerto Ricora, lehenik, eta Bilbora, gero–, galdu egin zuen Gortean lortutako ospe ona eta nagusitasuna, Goyaren mesedetan. Garai hartan, Euskadin ez zegoen tradizio artistikorik ia, eta Pareten mailako margolari bat hemen bizi izana gertaera ezohikoa izan zen, bai eta garrantzi handikoa ere, herrialdearen bilakaera artistiko eta kulturalerako.

Obra hau, XVIII. mendeko Espainiako pinturako maisulan handietakoa ez ezik, Euskadiko herri baten lehen irudi moderno eta hertsiki artistikoa dela esan daiteke.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos