https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gorefest zinemaldia, Mañu Auzoko jaiak... asteburu honetako protagonistak Bermeon

Gorefest zinemaldiaren kartela./
Gorefest zinemaldiaren kartela.

Bermeok gustu guztietara moldatuko den eskaintza kulturala eskainiko du gaurtik igandera bitartean

EL CORREO

Bermeok eskaintza kultural polita izango du asteburu honetan. Izan ere, ekimen asko antolatu dira, gustu guztietara moldatuko direnak. Ostiraletik igandera bitartean, zinemazaleek, dantzazaleek edota, besterik gabe, tarte atsegin bat pasatu nahi duten pertsonek aukera ezberdin asko izango dituzte herriko zenbait puntutan.

Gaur, uztailak 12, zinemaren alde ilunena gustukoa dutenek hitzordu garrantzitsua izango dute Nestor Basterretxea aretoan. Izan ere, Gorefest Bermeoko fantasiazko eta beldurrezko zinemaldia antolatuko da. Spookypheria Productions Elkarteak egiten duen eta Bermeoko Udalaren Gazteria Sailak babesten duen zinema jaialdiak 19. edizioa ospatuko du eta, aurtengoan, hamabi film labur eta film luze bat proiektatuko dira.

Antolatzaileek nabarmendu dutenaren arabera, aurreko edizioetan bezala, terrorearekin, gorearekin, suspensearekin eta umore onarekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diran lagun guztiek. Sarreraren prezioa 4 eurokoa izango da eta Nestor Basterretxea aretoko txarteldegian salduko dira, egunean bertan. Metraje laburreko filmen emanaldiarekin emango zaio hasiera Gorefest zinema jaialdiari, 20:30ean. Ondoren, 23:00ak aldera, 'Verano del 84' izeneko film luzea ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Gainera, animazio aktoreek ere parte hartuko dute Bermeoko kaleetan 19:00etatik aurrera.

Hortaz aparte, gaur ostiralean ere Urdina taldeak kontzertu berezia eskainiko du. Arratsaldeko 8etatik aurrera 'Harresirik ez' izeneko ekitaldiak adin eta leku guztietako pertsonak batuko ditu musikaren bitartez Bermeoko Gaztelu plazan.

Bihar larunbatean Alkartasuna Dantza Taldearen urteko ekitaldia egingo da: 'Olatu berde eta mendi urdinen artean'. Talde gonbidatuak: Bermeoko Abesbatza eta Ttankutxo txalaparta taldea izango dira.

Esan bezala, gaurtik asteazkenera Mañu auzoko jaiak ospatuko dira. Txupinazoa gaur botako da, 19:30ean, eta hortik aurrera hainbat ekintza egingo dira. Bihar, adibidez, Sukaldarien Eguna egingo da eta bertaratuek paella eta tortila txapelketetan parte hartzeko aukera izango dute. Egun handia, Karmen Eguna, asteartean ospatuko da. Meza nagusia 11:30ean izango da eta, bukatutakoan, umeentzako jolasak egingo dira. Jaiak asteazkenean bukatuko dira.