Gorbeialdeko Kuadrillak hainbat ikastaro eskainiko dizkie lan-arloan jarduten dutenei
Irailetik azarora bitartean izango dira, eskualdeko langile, enpresari, ekintzaile eta langabeentzat
Paul Picado
Asteazkena, 22 iraila 2021, 10:44
Gorbeialdeko Kuadrillak hainbat ikastaro eskainiko dizkie lan-arloan jarduten duten eskualdeko pertsonei. Zehazki, langile, enpresari, ekintzaile eta langabetuei zuzendutako ikastaroak izango dira, irailetik azarora bitartean. Ordutegiari dagokionez, desberdina izango da ikastaroaren arabera. Bestalde, gehienak Murgian izango dira, baina beste lekuren batean talderik sortuko balitz, han ere egiteko aukera egongo da.
Hil honetan jada, 'Erakarri zure publikoa' izeneko ikastaroan izena eman daiteke. Lau eguneko ikastaroa da, irailaren 30, urriaren 1, 5 eta 6an, 09.00etatik 12.30era, Murgian, eta helburua da enpresa eta negozioei baliabide digitalei buruzko informazioa ematea, haietaz balia daitezkeen.
Urriaren 7, 8, 14 eta 15ean, Microsoft Excel programari buruzko ikastaroa izango da, Murgian, 09.00etatik 13.00etara. Kasu honetan, ikastaroa egiten duenak bere ekipamendua ekarri beharko du.
Bestalde, urrian bertan, 18tik 27ra, 'Erakusleihoa, salmentak handitzeko estrategia modura' izeneko ikastaroa izango da, 13.30etik 15.30era, astelehenetik ostiralera. Guztira 10 saio izango dira, eta horietatik, 8, online izango dira. Gainerako biak, Izarran izango dira, aurrez aurre.
Azkenik, azaroaren 2tik 5era, norberaren negozioaren kudeaketari buruzko ikastaroa izango da, Murgian, 09.30etik 12.00etara. Banakako tutoretzak ere izango dira, online eta aurrez aurre.
Ikastaro horiek guztiak doan izango dira, baina plaza kopurua mugatua denez, izen-ematearen hurrenkera kontuan hartuko da. Informazio gehiago jaso edo izena eman nahi izanez gero, Gorbeialdeko Kuadrillara jo beharko da, 945 430 167 telefonora deituz, edo ekonomia@gorbeialdea.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.