«Googleren bilaketek euskara baztertzen dute», Puntueusen arabera
Puntueus Behatokiaren 2022ko txostenaren aurkezpenean jakinarazi dutenez, bilatzaile estatubatuarrak «gaztelaniazko emaitzekin erantzuten die euskarazko erabiltzaileen bilaketei»
Puntueus Behatokiak argi utzi du: Googleren bilaketek «euskara diskriminatzen dute». Izan ere, zerbitzuak antzeman duenez, bilatzaile estatubatuarrak «gaztelaniazko emaitzekin erantzuten die euskarazko erabiltzaileen bilaketei», eta horrek «ondorio larriak ditu, euskara baztertzen duelako eta erabiltzaileak gaztelaniaz nabigatzera eramaten dituelako, Interneten gure hizkuntzaren ikusgarritasuna murriztuz», azaldu du Josu Waliño fundazioko zuzendariak.
Artearte honetan izan den Puntueuseko Behatokiaren 2022ko txostenaren aurkezpenean Lorea Arakistain marketineko zuzendaria ere izan dugu, Albert Cuesta Aliança per la Presència Digital del Catalàko koordinatzailearekin eta Luistxo Fernandez Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko presidentearekin batera.
Waliñok azaldu du ikerketa honetan, urtero aztertzen diren adierazleez gain, «Googleren bilaketa zerbitzuan euskararen diskriminazio zantzu posibleak» aztertu direla. Katalanak Interneten duen presentziari buruzko azterlan baten metodologian oinarritu dira, Aliança per la Presència Digital del Català erakundeak egina, Googlen sartutako aldaketek euskarari ere kalte egiten diotela ondorioztatzeko.
Izan ere, Cuestak esan du bilaketak egiterakoan Googleren algoritmoak katalanaren ikusgarritasunean duen eragina aztertu dela, eta ondorioztatu dutela «2022ko udaberritik aurrera gaztelaniazko emaitzak lehenesten ari direla katalanaren aurretik. Hala, katalanaren ikusgarritasunak behera egin du aztertutako webguneen % 66,5ean», adierazi du.
Esan bezala, Puntueus Behatokiak ere antzeman du «Googlek gaztelaniazko emaitzekin erantzuten diela euskarazko erabiltzaileen bilaketei». Halaber, Euskarazko Wikipediaren arduradunek Googleren algoritmoan aldaketa antzeman dutela adierazi dute. «Bisiten guztizko kopuruak goranzko joera izan du, baina zenbait arlotan behera egin du», adierazi du Fernandezek. «Kezkatuta gaude euskarazko Wikipedia ondo elikatzen dugulako frogak ditugulako, edukien eta kalitatearen hazkundean ondo goazelako, eta, hala ere, iaztik hona, trafikoa galtzen ari gara eremu jakin batzuetan», deitoratu du.
Euskarazko gailuen bikoitza
Hona hemen beste datu deigarri bat, baina, kasu honetan, positiboa: Behatokiaren azken txostenaren arabera, 2018tik bikoiztu egin da gailuak euskaraz konfiguratu dituzten erabiltzaileen kopurua: «erabiltzaileen %4, oro har, eta %15, euskal erabiltzaileen artean».
Arakistainek «positibotzat» jo du goranzko joera hori, eta gaineratu du «datuek erakusten dute herritarrak gailu eta nabigatzaileen euskarazko itzulpena bultzatzera animatzeko sustapen- eta sentsibilizazio-ekintzak eragina izaten ari direla».
Halaber, txostenak jasotzen du 2022an «Euskal Herriko webguneen % 14k euskarazko edukiren bat dutela» eta, gainera, «.EUS domeinua erabiltzen duten webguneen artean, erabiltzaileen % 75ek euskarazko edukiak argitaratzen dituztela». '.COM' eta '.ES' domeinuei dagokienez, euskararen erabilera «oso txikia da, % 8 eta % 6, hurrenez hurren». Baina, '.EUS' domeinuak % 9ko hazkunde-tasa izan du 2022an, 14.266 domeinuetara iritsiz.