https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Googlek bertan behera utzi du Huawei konpainiarekin zuen akordioa

Googlek bertan behera utzi du Huawei konpainiarekin zuen akordioa
EFE

Donald Trump, Estatu Batuetako presidenteak, Huawei zerrenda beltzean sartu eta hiru egunera etorri da Googleren erabakia

UNAI SARRIUGARTE

Googlek bertan behera utzi du Huawei konpainiarekin zuen akordioa. Hemendik aurrera enpresa txinatarraren sakeleko telefonoek, Androiden aplikazio eta eguneratzerik gabe geldituko dira. Donald Trump, Estatu Batuetako presidenteak, Huawei zerrenda beltzean sartu eta hiru egunera etorri da Googleren erabakia.

Aurrerantzean Huawei markako sakelako telefonoak dituzten erabiltzaileek ezingo dute Android sistema erabili, ezta gmail edota Youtube erabili ere. Izan ere, konpainia estatubatuarrak bertan behera utzi du Huaweirekin zituen negozioen parte bat, zehatzago esanda, hardware eta softwarearekin zerikusia dutenak. Albiste hau Reuters informazio agentzia ingelesak iragarri du.

Beto honek Huaweiren sakelakoak edota tabletak dituzten erabiltzaileei eragingo diete. Eurek ezin izango dituzte Googleren aplikazioak: Gmail, YouTube edota Google Maps eguneratu. Gainera, oraindik merkaturatu ez diren mugikorrek ezin izango dute Android sistema operatiboa erabili, ezta Google Play Storek eskaintzen dituen aplikazio eta zerbitzuak ere. Huaweik urteak daramatza sistema eragile propioa garatzen.

Egun Huawei smartphoneak egiten dituen munduko bigarren korporazioa da, Samsungen atzetik. Espainiako Estatuan, berriz, marka horretakoak dira gehien saltzen diren telefono mugikorrak. Hortaz, azken egunotan konpainia txinatarra beto honek ekarri diezazkiokeen ondorioak aztertzen dihardu.

Bestalde, Googlek ez ezik, Estatu Batuetako prozesadore ekoizle nagusiek: Intel, Qualcomm, Xilinx edota Broadcomek ere, betoa jarri diote Huaweiri. Ekoizle bakoitzak zerbitzu ezberdinak eskaintzen dizkio korporazio txinatarrari: Intel Huaweiren prozesadore hornitzaile nagusia da, Qualcommek prozesadoreak eta modemak ekoizten ditu Huaweirentzat, Xilinxek txip programagarriak egiten ditu, eta Broadcomek, berriz, kommutazio txipak.

Estatu Batuetako gobernuak larrialdi nazionala ezarri zuen asteazkenean herrialdeko telekomunikazio sareak babesteko. Etxe Zuriko Merkataritza idazkariari den Wilbur Rossek agindu exekutibo baten bitartez atzerriko korporazioei betoa jartzeko mandatua eman zuen. Baina, agindu honek ez zuen Huawei aipatzen. Handik egun batzuetara, ordea, mehatxua baieztatu egin zen, Merkataritza Departamentuak Huawei «zerrenda beltzean» sartu zuenean.