https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gominolak

Gominolak./
Gominolak.
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Kamisoi zuri zetazkoa da Alaine Agirrek plazaratu duen azken liburuaren izenburua. Ereinek argitaratuta, Sara Morantek egindako ilustrazioak ere badakartza. Narrazioa lehenengo pertsonan idatzita dago eta egileak sinesgarritasun handia lortu du. Protagonista hamaika urteko neskatxo bat da; bere gurasoek ingelesa ikasteko kanpamentu batera bidaltzen dute. Lotsatia denez, ez du lagunik hantxe. Egun batean, toalla gainean dagoela bakar-bakarrik, monitore bat gerturatzen zaio. Momentu horretan, bere bizitza aldatuko da. Monitore horrek neska manipulatuko du, bere borondatea hondatzeraino. Hasiera batean, bere logelara joaten da gominolak oparitzeko: «Gominolaren azukrea okerreko eztarritik joan zitzaidan. Eztul egin nuen. Gorritu egin nintzen. Handiegi neuzkan kamisoiaren tirantea erori zitzaidan. Polita zaude, esan zidan. Kamisoi horrekin». Nerabea deseroso sentitzen bada ere, ez du deserosotasun hori adierazteko kemenik lortzen. «Zu emakumea zara, heldua zara, ez zara besteak bezalakoa», esaten dio gizonak. Elipsiak erabiltzen ditu Agirrek, eta idazkeraren estiloa oso zorrotza eta sikua da. Narrazioa ez da esplizitua, ez dago gordintasunik, baina, hala eta guztiz ere –edo agian justu horregatik– ezinegona sorrarazten digu. Liburuaren atmosfera itogarri bihurtzen da: arbolak, igerilekua, horizontea, dena, desagertzen doaz, eta ekintza gela baten barruan kontzentratzen da. Gela horren aire biziatua gure biriketan sartzen ari balitz bezalaxe sentituko gara irakurleok. Agirreren abileziak horrelako eragin fisikoa lortzen du irakurleongan.

Adingabeen abusuen drama gertu sentitzen dugu. Gero eta gehiago. Kamisoi zuri zetazkoa narrazioak erakusten digun munstroa ez du Edgar Allan Poek edo H.P Lovecraft-ek edo Mary Shelley-k sortu zituzten munstro gotikoen antzik. Ez du 'Frankestein' baten antzik. Errealitatea da gehien beldurtzen gaituena; eta ondo asko dakigu errealitatea infernu bilakatu dela hainbat ikastetxetan. Isiltasunak gobernatzen zituen infernuak izan dira horiek. Baina gominolak bukatuko dira laster.

Temas

Euskera