https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gogoetak eta eztenkadak dakartza Sarrionandiaren liburu berriak

Joseba Sarrionandia./
Joseba Sarrionandia.

'Bizitzea ez al da oso arriskutsua?' saiakera liburua plazaratu du, azpititulu hau daukana: 'Habanako gaukaria'

AMALIA IBARGUTXI

Saiakera liburua plazaratu du Joseba Sarrionandiak (Iurreta, 1958), gogoeta laburrez osatutakoa: 'Bizitzea ez al da oso arriskutsua?' (Pamiela argitaletxea). Egunerokoaren itxura eman dio testu bildumari, hasi aurtengo urtarrilean eta maiatzean amaituta. Azpititulua, 'Habanako gaukaria' ipini dio, gauez idatzitako lerroak direla iradokiz.

Saiakera liburu honek badu antzik 1985ean atera zuen 'Ni ez naiz hemengoa' harekin. Baina alde handi bat badago: hura kartzelan zegoela idatzi zuen, hau Kuban, Habanan zehazkiago. Horko unibertsitatean ari da Sarrionandia, euskara eta euskal kultura irakasten dituelarik, Etxepare Euskal Institutuak kontrataturik.

Oraingoan gauza intimo gehiago kontatzen ditu Sarrionandiak. Adibidez, bi seme-alaba dituela: Mikel, hamabost urtekoa, eta Ainhoa, lau urtekoa. Baita ere, Martuteneko kartzelatik ihes egin ostean, lehenbizi Pragan bizi izan zela. Eta, baita ere, Angel Azkarraga 'Matxitxa' musika manager mutrikuarrarekin harremana daukala han, Habanan.

Liburuko bi ardatz nagusiak politika eta literatura dira. Liburuaren aurkezpen ekitaldian Joxe Mari Iturralde mintzatu da (Sarrionandiaren laguna izandakoa Pott Bandan) eta, esan duenez, badira liburuan zehar «eztenkada politiko» franko. Adibidez: «Nazioa ez da zer garen, baizik zer egiten dugun»; «Kontua ez da irabaztea edo galtzea, baizik eta zer egiten dugun irabaztean eta zer egiten dugun galtzean»; «Jendearen naziotasuna kalkulatzeko orduan, zein alderdiri botoa ematen dion baino gehiago, jendea zein komunikabideri lotuta bizi den jakin behar da».

Biolentziaren monopolioa

Biolentziari buruz hau dio beste atal batean: «Lehen esaten zuten biolentziarik gabe dena zela posible. Biolentziarekin, inposiblea zen dena. Biolentziarik gabe, nagusien biolentziaren monopolioa geratzen da, eta benetako aldaketa politikorik ez da posible. Biolentziarik gabe dena posible dela, gezur hori bera ere apenas entzuten da ja».

Iturraldek agertu duenez, «irakurle aktiboa» eskatzen du liburuak, baina ez testuak zailak direlako, baizik eta «irakurleak osatu behar dituelako, gauza batzuk erdi esanda daudelako».

Sarrionandiak berak ere antzeko ideia darabil liburuko hitzaurrean: «Obra literario hau artefaktu erdi hutsa da, nik neure bizitzaren zati bat sartu dut bertan, baina beste bizitza zati batzuk behar ditu. Halakoak izaten dira maitasun edo politika kontuak ere, bakoitzak bere eran konprenitu eta bere gisan bizitzekoak. Testu honen hutsune eta koskek irakurle itzartu eta aktiboa eskatzen dute».

Maiatzaren 15eko atal laburrean literaturaren definizioa eskaintzen du: «Norberaren baitan errefuxiatutako mamuak beste batzuen barrura pasarazteko ahalegina da literatura».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos