Gogoak ematen dizuna
Zabaldu dizkigute ateak, kendu aspaldiko debeku gehienak eta pandemiak hemen jarraitzen badu ere, nork berera jo du, irrikaz. Batzuk festara eta kale zurrutera, beste batzuk bigarren etxea bisitatzera, aspaldian ikusi ez duten hondartzara, gurasoak bisitatzera, adiskideekin afaltzera, etxean festak antolatzera edo lehen jaunartzeak eta ezkontzak prestatzera. Gogoak ematen dizunera.
Osagileak, berriz, dardara eta ikarara, oraindik ezabatu ez zaien ikarak berritzera. Azken kasu honetan gogoa isilik dago, betebeharra da nagusi. Apenas hasi diren ospitaleak gehitu dituzten oheak husten, apenas itzuli diren normaltasunetik gutxi duen egoerara, eta piztu zaizkie, enegarren aldiz, alarma guztiak.
Gehienok esango dugu erantzukizunez jokatzen ari garela eta gainerakoek, ez, horiek axolagabekeria dutela seinale, gutizia lege. Egin behar genukeenaren neurria ez da zuhurtzia, ez da legea, gogoa da. Nonbait, gogoak ematen dizuna egitea da askatasunaren seinale, baita pandemiapean ere. Gogoak eman didalako.
Justizia poetikoa existituko balitz, marra gorri guztiak gainditu dituztenak bakarrik gaixotuko lirateke eta, txertoa hartu gabe ere, gainerakook libre ginateke, ez ginateke kutsatuko. Ez da, ordea, hori birusaren jokabidea. Orain arte Covidari buruz ikasi duguna egia bada, maiatzaren bukaerarako igarriko dute eritegiek alarma egoera itzali zenean gertatutakoaren eragina.
Bat-batean, adin askotako herritarrak nerabe bilakatu dira, gogoak ematen diena egiteko eskubidea omen dute, gogoa delako arau, aspertu egin direlako debekuz, pandemiak nekatu dituelako.
Norbait heztea tokatu zaidanetan, errepikatu izan dut gogo falta ez dela egin behar dena ez egiteko nahiko arrazoi, gogorik gabe ere egin behar dela egin behar dena. Irakaspen zaharkitua, guztiz. Orain, gogoak ematen duena da lege.