https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Goenkale telesaila, Euskal Irrati Telebistaren harribitxia

Goenkale telesaileko aktoreak./EiTB
Goenkale telesaileko aktoreak. / EiTB

22 denboralditan 321 pertsonai ezberdin pasa dira bertatik

UNAI SARRIUGARTE

Goenkale Euskal Irrati Telebistako euskarazko telesaila izan zen, Pausoka Entertainment ekoiztetxeak Euskal Telebistarekin batera elkarlanean ekoitzia izan zena. Programa honek Arralde izeneko fikziozko herri batean gertatzen diren nondik-norakoak ditu hizpide. Zehatzago esanda, Arraldeko kale nagusiak ematen dio saioari izena, Goenkale.

Telesailaren egileen asmoa hasiera batean hiru hilabeteko iraupeneko programa jorratzea izan zen. Baina hauek hasiera batean izan zuen audientzia ikaragarria ikusita, programarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten.

Aipatu dugunez Arralde herrian jasotzen ziren Goenkale telesaileko gorabeherak. Arralde Euskal Herriko kostaldeko alegiazko herri arrantzale txiki bati egiten dio erreferentzia. Barrualdeko sekuentziak Miramongo estudioetan grabatzen ziren eta kanpoaldekoak, berriz, Orion eta Tolosan gehienbat.

Euskal Herriaz gain, kanpoan ere grabatu izan zuten Goenkale. Esaterako Benidormen (Alacant), La Manga del Mar Menor (Murtzia) edota Marbella (Malaga). Era berean, behin Mediterraneora joan ziren grabatzera. Erroman (Italia) Maltan eta Monakon ibili ziren grabatze lanetan.

Kontuak kontu, Goenkale ETB1eko historiako saiorik arrakastatsuena bilakatu zen. Guztira 22 denboraldi eta 3.708 atalek osatzen dute Goenkale. 1994ko urrian emititzen hasi eta 2015eko abendura bitarte iraun zuen telesail honek. Euskal Herriko historian inoiz izan den saiorik luzeena izan da eta Europan, bigarrena. Bertatik 321 pertsonaia ezberdin pasatu izan dira 22 urte luze hauetan.

Telesail hau sortzeko, garai hartako EiTBko zuzendariak ziren Joxe Mari Otermineketa eta Luis Aranberrik Galesera (Erresuma Batua) bidaiatu zuten, eta oinarritzat hartu zuten galesera hutsez eginiko 'Pobol y Cwm' (Haraneko jendea) telesaila. Programa hura 1974. urtetik 1982ra bitartean BBC Wales kateak igorri zuen.

Halaber, Goenkale aurrera eramateko Erresuma Batuko 'East Enders' saioan ere oinarritu ziren. Hizkuntza aldetik, telesaioak euskara eredu hurbil eta natural bat eskaintzea zuen helburu. Ahozko euskara estandar bat, hain zuzen ere.