Heltzen da asteburu luze bat, zubi bat edo beste moduko opor bolada eta errepideak autoz betetzen dira, batetik bestera, norabide desberdinetan. Kontua da etxetik alde egitea, kanpora joatea. Eztabaidaezina da gertaera, guztion begi-bistan dagoelako.
Publicidad
Zalantzatsuagoa da jardun horren esanahia: zerbaiten bila goaz edo zerbaitetik egiten dugu ihes, guztiok batera, erromes. Denetik egongo da. Agian eguneroko bizitza aspergarria da askorentzat eta txinparta horiek behar dituzte handik gutxira etorriko den egunerokotasunari heldu ahal izateko. Edo zuzenean ihes egiten ari dira, nor bere autoan, ahal bezain urruti. Ihesi.
Gauza da egun seinalatu batzuetan etxetik alde egiten ez duena arraro bilakatzen dela. Nora zoaz, galdetzen dizute, ez norabait zoazen ala ez. Kanpora joatea (zenbat eta urrutiago orduan eta hobeto) betebeharra bilakatu da, zure bizitza txukun doalako ezinbesteko seinalea. Halakoetan, inora ez doanari zerbait falta zaio, hutsune bat du, batzuetan gabezia hori ezkutatu nahi badu ere.
Haurtzaro osoan ez nuen nik ezagutu oporretan (are gutxiago zubietan) inora joango zenik, ezta udako oporretan ere. Etorri bai, ikusten genituen kanpotik gurera uda pasatzera etorritakoak. Gure kasuan salbuespen bakarra udan lehengusu txiki batzuen baserrira joatea zen, Goierrira, gure gurasoen ustez itsasotik urrun zegoen aireak gure birikei on egiten zielako. Hori bai, ez guk ez inguruko inork zuen autorik.
Eroste ahalmena dago aldaketa horren azpian, noski. Baina baita beste zerbait ere. Mundua zabalago egin zaigu eta, era berean, txikiago. Ez dago hegazkin baten hegaldiak laburtuko ez duen distantziarik, ezta autoak aise egingo ez duen biderik.
Publicidad
Goazen ba, artaldean, erromes moduan, mundua ezagutzera, besterik ez bada ere, gure jomugan aurkitzen duguna gugandik oso desberdin ez dela egiaztatzeko.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión