https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Glovo

Enpresako langileek protestak egin dituzte azken egunetan../
Enpresako langileek protestak egin dituzte azken egunetan..
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Pasa den larunbatean, Glovo enpresako langile bat hil zen Bartzelonan, zabor kamioi batek harrapatuta ordezkapen klandestino bat egiten zuen bitartean. Langilea nepaldarra zen, ez zeukan 'paperik'. Lau hilabete baino ez zeramatzan Katalunian, lehen Berlinen ibilia zen. Enpresak auto istripu bat izan zela esaten du; langileek, aldiz, lan-istripu baten aurrean gaudela salatzen dute. Lan-baldintzek neurrigabekoak dirudite: alde batetik, Glovoko banatzaileek bizikleta baten gainean lan egiten badute ere, ez dizkiete txaleko islatzailerik ematen; beste aldetik, enpresak, lan-arriskuen prebentzioaren arloan, ez du ezer egiten. Gainera, autonomo faltsuak omen dira langileak eta presioa handia jasaten dute. 'Riders' izendatu dituzte langile hauek, eta 'riders' hauek manifestatzen ari dira. Meritu eta kemen handia dute, prekarietateak eta greba eskubideak ez dutelako errima onik.

Glovo bezalako enpresek legaltasunaren barnean murgiltzeko legeak dituen zirrikitu guztiak arakatu dituzte, baina, hala eta guztiz ere, immoralak dirudite. Dena den, enpresa-eredu arrakastatsua direla. Gure gizartean, 'running' egin dezakegu goizean eta gauean, beheko tabernara jaitsi ez arren, 'rider' bati deitu hanburgesa begano bat jateko, esaterako. Horrelakoak gara. Agian, hasiera batean ez genekien enpresa hauen funtzionamendua nolakoa zen, baina orain jakinaren gainean gaude. Lan-baldintzak ezagutu ostean, zaila da 'rider' batek ekarritako janaria jatea kontrako eztarritik joan gabe. Noren lepotik ari garen geure erosotasunari eusten galdetu beharko genioke geure buruari, eta erantzuna gustatzen ez bazaigu, kontsekuenteak izan. Lan baldintzak hobetu arte, enpresa horiek ez dute merezi hain demanda garrantzitsua izatea.

Pujan Koirala deitzen zen pasa den larunbatean Bartzelonako bidegurutze batean bere bizitza galdu zuen langilea. 23 urte zituen. Banaketa horren truke bost euro lortuko zituen. Hiria ondo ezagutzen ez zuenez, helbidea aurkitzea zaila egingo zitzaion batzuetan; guk ere, gizarte bezala, norabidea galdu dugula pentsatzen dut nik sarritan.

Temas

Euskera