https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Glaukoma, Anita Parker, Nudozurdo... Gernikako Lekuek jaialdian

Bostgarren edizioa ospatuko da martxoaren 3tik 11ra bitartean

ELCORREO.COM

Gernikako Lekuek jaialdiaren bostgarren edizioa ospatuko da martxoaren 3tik 11ra bitartean, eta Nudozurdo, Niño de Elche, Anita Parker, Mice, Glaukoma, El Inquilino Comunista, The Reverend Shawn Amos, The Riff Truckers, Juantxo Skalari & La Rudeband, Legen Beltza eta Moonloop moduko taldeak bilduko ditu, besteak beste. Aurten ere Bizkaiko udalerriko hainbat agertokitan izango dira emanaldiak, hala nola Astra, Iparragirre Rock elkartea, Lizeo antzokia, Trinkete anti-txokoa eta taberna ezberdinetan.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Lekuek Gernikak daukan «bizitasun musikalaren isla fidela da», eta horrela izatea espero dute datozen urteetan ere. «Gernikan musika bizi dugun 'lekuek' eta musikazaleok antolatzen dugu festibala, espazio bakoitzaren izaera eta zaletasun musikalaren araberako eskaintza eginez. Horregatik Lekuek festibala berezia da, txikia, eklektikoa, irekia, askotarikoa eta merkatuaren logika nagusietatik kanpo dagoena», adierazi dute.

Horrela, esan bezala, Astra, Iparragirre Rock elkartea, Lizeo antzokia, Gernikako tabernak edota Trinkete anti-txokoa izango dira jaialdiaren espazio nagusiak, baina ez bakarrak. Aurten, berritasun moduan, Astrako bunkerra ere musikarako lekuetako bat izango da. Lekuez gain, Gernikan musikazaletasuna gertu duten kolektiboek ere parte hartzen dute, hain zuzen, Metal Fabrika proiektuak, Gerniska Rudelari taldeak, Zine-klub Gernikak edota Astrako Biztu Irratiko gazteek.

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, prestatzen ari dira «musika modu berezian bizitzeko egitaraua» . Urteroko tradizioari eutsiz, inguruko sortzaile batek egin du aurtengo kartela, Angela Lopez Rafel sortzaileak, hain zuzen.

Musikarekin lotutako bestelako jarduerak

Horrela, Nudozurdo hirukote madrildarra Trinkete anti-txokoan, Niño de Elche musikari sailkaezina Lizeo antzokian, Anita Parker eta Mice musika proiektu hasiberriak Astran, Tolosako Glaukoma taldearen reggae-rap doinuak Iparragirren, El Inquilino Comunista getxoztar talde mitikoa, Hemendio gernikar taldearen itzulera, The Reverend Shawn Amos bluesman kaliforniarra, edota Gernikan sortutako Etorkizun Beltza, Lau Katu, The Riff Truckers eta Primeros Auxilios ariko dira.

Halaber, Metal Fabrika kolektiboak ekarritako Legen Beltza edo Moonloop bartzelonarrak, Ibonrg Astrako bunkerran edota Gerniska Rudelari taldearen proposamen Juantxo Skalari & La Rudeband eta Septimo A kataluniarrak ere Gernikan izango dira ERE BAI.

Zuzeneko musikaz gain, urtero bezala, musikarekin lotutako bestelako jarduerak ere ari dira prestatzen, hala nola erakusketak, proiekzioak, tailerrak. Egitarauren eguneraketa eta sarreren eta bonuen inguruko informazioa www.gernikakolekuek.com web orrian izango da datozen egun eta asteetan. Bonuak salgai daude jada Arima, Ospa, Iparragirre eta Astran, 25 euroren truke.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos