Borrar
Ibon Urrengoetxeari Zornotzan egindako omenaldia. I. Pérez
Gizartearen oinarriak

Gizartearen oinarriak

Hilabete pasatxoan jazotako hiru lagunen hilketek eta horien egiletzat lau adin txikiko atxilotu izanak hamaikatxo hausnarketa eta eztabaida eragin dituzte

Joseba Arruti

Miércoles, 24 de enero 2018, 00:12

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Azken asteotan behin eta berriz dabil segurtasuna denon ahotan. Eta hori gertatzen denean ez da inoiz onerako izaten, gertakizun larrien ostekoak baitira beti horrelako eztabaidak, jendartea benetan asaldatu eta gerokoak. Hilabete pasatxoan jazotako hiru lagunen hilketek eta horien egiletzat lau adin txikiko atxilotu izanak hamaikatxo hausnarketa eta eztabaida eragin dituzte. Hasierako sinesgaiztasunak segurtasun mailan egon litezkeen gabeziak nabarmentzeari egin dio bide, sakoneko arazoari dagozkion erantzunak zirt edo zartekoetan daudelakoan edo.

Segurtasunaren inguruan konponbide miragarriz osatutako zenbait aldarrikapen demagogia puzteko besterik ez dira emankor. Batik bat gertatutakoen zeharkako arduraduntzat aurkari politikoa jotzen denean. Halako hiri batean egon litezkeen arlo honetako arazo errealak besteetan ez baleude eta udal mailako agintariek indarrean dagoen legedia erabaki balute bezala. Aldez aurreko atxiloketak eta antzekoak-edo iradokita.

Ohostetik inor hiltzera dagoen jauzia ez da makala. Poliziaren jardunaz, etenik gabe inorena indarrez eurenganatzen dabiltzanei ezarri beharko litzaizkiekeen zigorrez edo adin jakin batetik aurrerakoen zenbait mailatako ardurez ekarpenak egitea aberasgarria izan daiteke, noski, beti ere testuingurua eta ñabardurak aintzat hartzetik abiatzen badira. Ez dagoelako erabateko segurtasuna bermatzen duen eredurik munduan: gogortasuna muturreraino eraman dutenek ere ez dute halakorik sekula lortu.

Horrek ez du esan nahi zer findu ez dagoenik. Legeei dagokienean ziurrenik, maila sozial eta polizialean. Zenbait lekutan ohiko bihurtu ei direnei errotik aurre eginez. Eta horretarako, arduradun politikoen eta kale mailako hainbat eragileren arteko harremana areago estutzeaz gain, lehenek oinarrizko adostasunak bilatu beharko dituzte arazoari bere osotasunean eraginkortasunez heltzeko.

Oso gogorrak ari dira izaten azken asteok. Zer pentsatu aldioro ematen dutenetakoak. Biktimak eta euren ingurukoak etengabe gogoan hartzekoak. Eta erantzun bateratuen beharraz jabetzekoak, bat-batekoak baztertzekoak, errealitatearen azterketa kontrastatutik ekitekoak. Jokoan dagoena ezin garrantzitsuagoa delako. Gizarte baten oinarriei dagokielako.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios