https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gizarte Politiken Sailak Berpizkundearen plazan eguneko arreta zerbitzu berria eraikiko du

Dagoeneko prest dira proiektuaren idazketaren lehiaketarako baldintza-agiriak, eta udal gobernuak datozen egunetan onetsiko du hori

I.AGOTE

Berpizkundearen plazan eguneko arreta zerbitzu berria eraikitzeko prozedura abiarazi du Udalak, hogeita hamar adinekori zerbitzu emateko.

Dagoeneko prest dira proiektuaren idazketaren lehiaketarako baldintza-agiriak, eta udal gobernuak datozen egunetan onetsiko du hori. Prozedura negoziatuaren bidez egingo da, zenbait enpresa gonbidatuta.

Kontratazio Mahaiak proiektuaren idazketa otsailaren amaieran esleitzea aurreikusi da, eta udan obra gauzatzeko lehiaketa egitea.

Berpizkundearen plazako eguneko zentro berria Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean, Blas de Otero kalean eta Olarizun —otsailean irekiko da berriro, eta horri esker itxarote-zerrenda agortuko da— eskaintzen diren zerbitzuei gehituko zaie. Guztiak 1. graduko mendekotasuna duten adinekoei arreta emateko prestatuta daude; une honetan, 20 erabiltzailek dute profil hori.

Berpizkundearen plazako zentroa irekitzen denean, baliabide horietan 123 leku izango dituzte guztira.

“Eguneko arretako zerbitzuetan adinekoen oinarrizko beharrizan pertsonalak, terapeutikoak eta soziokulturalak betetzen ditugu, egunez. Pertsona horiek zaindu ohi dituzten familia edo pertsonei ere laguntza eta orientabideak ematen dizkiegu horien bidez. Erabiltzaileei arreta ematea ahalbidetzea eta familia ingurunean jarraitzea sustatzea da gure helburua”, azaldu du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek.

Izan ere, hauek dira eguneko arretako zerbitzuen helburuak: adineko pertsonei arreta integral eta indibidualizatua eskaintzea, ohiko ingurunean jarraitzen laguntzea, eta senideei sostengu eta atsedena ematea.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos