https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gizarte Politikak 49 familia etxetik kaleratzea eragotzi zuen 2017an, Gasteizen

SERGIO EGUÍA

2017an, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak Gasteizko 49 familia etxetik kaleratzea eragotzi zuen, emandako laguntzei eta kalean gera zitezen eragozteko eskaini zizkieten ordezko ostatuei esker.

Gizarte zerbitzuek 49 kasutan esku hartu zuten: 33tan, familiek etxebizitzan jarraitzea lortu zuten, udal laguntzak emanez; beste 16 familiari beste aukera batzuk eskaini zizkieten (harrera etxebizitzak eta beste baliabide batzuk).

Gizarte Politiken Sailak 36.483 euro erabili zituen etxe-kaleratzeekin lotutako 33 laguntza ekonomiko horietarako, hau da, urtean 1.105 euro familia bakoitzeko.

«Datu horiek erakusten dute zoritxarrez egoera horretan dauden familien jarraipena egiten duela Udalak. Egia da kasu mediatikoenak baino ez direla zabaltzen, baina Gizarte Politiken Sailak lan isila eta etengabea egiten du, familia asko salbatu dituena», azaldu du Peio López de Munain zinegotziak.

Gasteizek udal prestazioen programa berria du iaztik, oraingo gobernuak proposaturik, eta horren barruko berrikuntza handiena kaleratzeak eragozteko laguntzak izan ziren. Izan ere, etxebizitza prestazioek horretarako berariazko laguntza aurreikusten dute.

Gainera, gizarte zerbitzuetako profesionalek laguntzak onartzeko salbuespen-egoerak proposatzeko aukera dute 2017az geroztik. Esate baterako, bizikidetza-unitate bat etxebizitza galtzeko edo etxetik kaleratzeko arrisku nabarmena dagoenean, familiaren egoera ekonomikoa dela eta alokairua-gastuei aurre egiterik ez duelako.

«Herritarrek lasai egin behar dute, gizarte zerbitzuak beti hor daudela jakinda, arriskuan dauden familien egoera balioetsi eta laguntza emateko. Haiek bermatzen dute inor ez dela kalean geratuko. Egiten duten lana goraipagarria da, eta halaxe aitortu behar da», amaitu du López de Munainek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos