https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Gizakiok erabakitzeko ahalmenik ez bagenu, laranja mekanikoak izango ginateke»

Ion Olano itzultzailea, 'Laranja mekanikoa' liburuak aurpegi erdia estaltzen diola./Monica Rivero
Ion Olano itzultzailea, 'Laranja mekanikoa' liburuak aurpegi erdia estaltzen diola. / Monica Rivero

Ion Olano itzultzaileak euskarara ekarri du Anthony Burgess-en 'Laranja mekanikoa' eleberria, Meettok argitaletxearen eskutik

IRAITZ URKULO

Ion Olanok (Donostia, 1983) literatura unibertsaleko ezinbesteko obretako bat euskaratu du: Anthony Burgess idazlearen 'Laranja mekanikoa' (Meettok, 2018).

Alex protagonista gaztea 'nadsat' hizkera berezian mintzo da lagunekin, eta kalean harrapatzen dutenekin ultraindarkeriaz jokatzea gogoko du. Une jakin batean, ordea, amesgaizto bihurtuko zaio bizitza, berreziketa helburu duen esperimentu batean parte hartzera behartua denean.

Kubricken film ospetsuak ez bezala, eleberriak gizakion egiazko izaeraren eta gure jokaera aldatzeko ahalmenaren gainean sakon hausnartzeko aukera eskaintzen digu.

-Zergatik erabaki zenuen 'Laranja mekanikoa' euskaratzea?

-Aspaldi hartu nuen erabakia eta, egia esan, ez dakit zergatik. Ikasle garaian ikusi nuen Stanley Kubricken filma; erabat aztoratuta geratu nintzen. Ondoren, kasualitatez-edo, Anthony Burgessen nobela topatu nuen, gaztelaniazko bertsioan. Hitzaurrea irakurtzeak halako astinaldia eragin zuen nigan. Biharamunean erosi nuen ale bat, eta hasieratik liluratu ninduen kontaerak. Oso argi sentitu nuen euskaraz irakurri nahi nuela liburu hori; beraz, ia oharkabean erabaki nuen itzultzea.

-Zenbat iraun du itzulpen-prozesuak? Nola bizi izan duzu?

-Ufa, ia 11 urte. Oso luzea, aldizkakoa eta gorabeheratsua izan da prozesua. Nik ez daukat itzultzaile formakuntzarik, kazetaria naiz ikasketaz; gainera, jatorrizkoa itzultzen hasi nintzenean ez nuen ingeles maila nahikorik. Ziurgabetasun handiz bizi izan dut eta, nolabait esatearren, ahalduntze prozesua izan da. Ilusioa eta etsipena sentitu izan ditut bidean. Eskerrak lagun askoren babesa eta laguntza jaso izan dudan urte hauetan guztietan...

-Nor zen Anthony Burgess?

-Zenbait adituren ustez, XX. mendeko literatura ingelesaren gailurrean ibili zen idazlea da Burgess. Berrogeita hamar liburutik gora eman zituen argitara, baina 'A Clockwork Orange' lanagatik da ezaguna; zinemako bertsioagatik, esan gabe doa. Edonola, oso gizon jantzia eta interesgarria izan zen: musikagilea eta musika klasikoan aditua, itzultzailea, antzerkigilea, kazetaria... Diotenez, dozena bat hizkuntza inguru hitz egiten zituen.

-Zer ibilbide egin zuen 'Laranja mekanikoa' eleberriak?

-Ia berrogeita hamar urterekin argitaratu zuen Burgessek lehen liburua, 'Time for a Tiger'. Handik gutxira, burmuinean tumorea zuela esan zion sendagile batek (diagnostikoa okerra zen). Urtebeteko bizi-esperantza eman ziotenez, jo eta su ekin zion lanari: bost nobela idatzi zituen hamalau hilabetean; tartean, 'Laranja mekanikoa', hiru asteko epean. Hogeita bat ataleko nobela laburra zen: Ingalaterran argitaratu zen 1962an, arrakasta handirik gabe. Hurrengo urtean argitaratu zen AEBn, azken atala kenduta. Bertsio hori egokitu zuen Kubrickek.

-Epilogoa idatzi duen Harkaitz Canoren esanetan, 'berreziketaren ezintasunari buruzko liburua da'. Uste berekoa zara?

-Bai eta ez. Bai, ulertzen badugu norbanakoari kanpotik ezartzen ahal zaion zerbait dela heziketa. Argi dago kanpo faktoreek eragin handia dutela gizakiongan, baina liburuan argi ikusten da zein antzua den gizatasuna errotik erauzten saiatzea. Bestalde, heziketa hartzen badugu norbanakoaren baitako prozesutzat, orduan uste dut ezetz, berreziketa ez dela ezinezkoa. Izan ere, sinetsi nahi dut aldatzea posible dela, norberak egiten badu.

Irakurleentzako erronka

-Hitzaurrean bertan ohartarazten diezu irakurleei liburuak buru-lan berezia eskatuko diela.

-Hala da, bai. Ahalegin handia eskatzen dio idazlanak irakurleari, hasieran bereziki. Izan ere, uste dut gure heziketaren parte dela testuaren hitz guztiak edo gehienak ulertzen saiatzea. Kontrol sentsazioa ematen digu horrek, antza denez. Ordea, 'Laranja mekanikoa' liburuak hankaz gora jartzen du, lehen paragrafotik bertatik, ustezko kontrol sentsazio hori. Irakurlea biluzik uzten du bere ezjakintasunean; horrenbestez, kontakizunean aurrera jo nahi badu, irakurleak jantzi beharra dauka, apurka-apurka.

-Zergatik da Alex protagonista sadikoa hain erakargarria irakurleen begietara?

-Beharbada, giza kondizioaren alde ilun bat erakusten duelako, gaiztakeria, mugarik eta lotsarik gabe. Fikziozkoa denez, esajeratuta dago, muturrekoa da. Edonola, nortasun handiko pertsonaia da, eta, gehiago edo gutxiago gustatu, badu halako xarma berezi bat. Dena den, ez nuke esango soilik xarmanta eta erakargarria denik; haren pentsaera eta jokamoldea ere badira beldurgarriak eta higuingarriak. Anbibalentzia handiko pertsonaia da eta, horrenbestez, oso humanoa.

-'Nadsat hiztegia' erantsi duzu eleberriaren amaieran. Zer da hori?

-Kontakizunari darion indarkeria hain gordina gera ez zedin, hizkera berezia asmatu zuen Burgessek. 'Nadsat' izena eman zion, errusieratik hartutako partikula, nolabait lotuta dagoena nerabezaroarekin. Orotara, berrehun eta berrogeita hamar hitz inguru biltzen ditu Nadsat hiztegiak: gehienak eslaviar jatorrikoak dira, errusieratik hartuak, baina badira beste hainbat iturritatik datozen hitzak ere. Nire gusturako, hizkeraren berezitasun horrek bihurtzen du esperientzia berezi 'Laranja mekanikoa'ren irakurketa.

-Zer estrategia erabili duzu hitz horiek euskaratzeko?

-Aitor dut Nadsat hizkerak eman didala buruko min gehien itzulpen prozesuan, baina baita gozamenik handienak ere. Hasieratik argi nuen horixe zela itzuli beharreko estreinako gauza, horrek baldintzatzen duelako idazlanaren estiloa, goitik behera. Itzulpen lanak aurrera egin ahala, hainbat irizpide berrikusi eta aldatu behar izan ditut. Aditzak jokatu behar nituenez, eta hitzak deklinatu, euskaraz funtzionatuko zuen musikaltasuna bilatzea izan da helburu nagusia. Jatorrizkoari fidel, baina erabilgarri izatea.

-Ez nuke elkarrizketa hau bukatutzat eman nahi obraren izenburu bitxia argitu gabe. Zer esan nahi du?

-Liburuan bost edo sei aldiz ageri da esamoldea. Aukera askearekin dauka zerikusia, alegia, gizakion erabakitzeko ahalmenarekin. Izan ere, gure ekintzak hautatzeko aukerarik izango ez bagenu, orduan laranja mekanikoak izango ginateke: hau da, itxuraz bizirik dauden organismoak, baina barrutik mekanismo batzuek kontrolatzen dituztenak. Zorionez, oraindik erabaki dezakegu; hala uste dut, behintzat.

Temas

Euskera