https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Getxotarrak beti oholtzan

Kontzertuak Portu Zaharrean egiten dira./
Kontzertuak Portu Zaharrean egiten dira.

Maiatzaren 26 eta 27an egingo dute San Miguel Getxo Music and Food jaialdia. Nobedade gisa, Ñam Session direlakoetan, entzule eta musikariek eszenatokia elkarbanatu ahalko dute

AMALIA IBARGUTXI

Hainbat zentzumen esnatzen dituen jaialdia da San Miguel Getxo Music and Food. Algortako portu zaharrean egiten da, Getxo Sound zenaren omenez. Garagardo hotza, 'foodtruck' edo janaria saltzeko postuak eta musika Algortara heltzear dira, bertan 80ko hamarkadan egiten zuten pop-rock alternatiboaren eta inguruko indie-rock taldeen omenez. Talde getxotarren eszenatokia da Getxo Music and Food, hasiberrientzako plataforma honezkero nahiko egonkorra. Izan ere, datorren maiatzaren 26 eta 27an egingo dutena laugarren edizioa izango da. 2016an izan zen lehena.

Hasiera batean urtean behin antolatzen zuten jaialdia Getxoko Udalak eta Think Chic komunikazio agentziak. Iaz, ordea, bi edizio egin zituzten. Bat maiatzean. Bestea, urrian. Aurten ere bi izango dira Algortako portuak antolatuko dituen jaialdi-asteburuak.

Horregatik, antolakuntza «lasai» dago neurri batean, musika eta gastronomia nahastearen formula «arrakastatsua» dela baitakite. Larunbatez, maiatzak 26, 12.30ean, Mr. JL taldeak joko ditu lehen notak. Mar, Alain, Lander eta Rubenek osatutako taldea da hau, pare bat urte daramatzana Amy Winehouse, Tina Turner, Etta James, Ray Charles eta Adelen bertsioak egiten. Gero, The Reverendos 14.00etan, Debajo del Paraguas 18.00etan eta Jayhawks taldearen txanda izango da, 19.30ean.

Askotariko jakiak egongo dira salgai: hamburgesak, hot dog edo saltxitxa-ogitartekoak, sushi-a, enpanadak edota janari mexikarra, besteak beste. Igandean, bestalde, beste bost talderen lanak entzuteko aukera izango dute bertaratutakoek. Ordutegi berarekin, hurrenez hurren, Bringas, Ontario, Kaotic Lovers eta Cloverwind ariko dira oholtza gainean. Azken hauek, Cloverwind taldekoek, irlandako folk musika tradizionala eta euskal musika nahasten dituzte.

Berritasunik ere bada aurtengo San Miguel Getxo Music and Food jaialdian. 'Ñam Session' deiturikoak, hain zuzen. Bi egunetan izango dira, 16.00etan. Larunbatean Venice taldeak beteko du tarte hau, eta igandean, Hi izenekoak. Ñam Session direlakoen asmoa da entzule eta musikariek elkarbanatu ahalko duten espazioa sortzea, hau da, entzule eta taldeek bat egin dezaketen eszenatokia eraikitzea, nahi duenak parte hartu ahal izateko.

Izan ere, jaialdiko antolatzaileek jakinarazi dutenez, helburu nagusitzat dute «tokiko taldeen promozioa», Getxoko musika mugimendua erreibindikatu eta plataforma sortzeko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos