https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Getxolinguae jardunaldia izango da gaur, Bilboko Ingenieritza Eskolan

Duela bi urte ospatutako jardunaldiak./Pedro Urresti
Duela bi urte ospatutako jardunaldiak. / Pedro Urresti

Euskadiko 300 hizkuntza irakasle inguruk hartuko dute parte eskolatze-hizkuntza ardatz izango duten hitzaldietan

EL CORREO

Getxolinguae jardunaldiak eskolatze- hizkuntza izango du aurten ardatz. «Eskolatze-hizkuntza eraikitzen: eskolan irakurtzen, idazten, hitz egiten...» titulu nagusi hartuta, hezkuntzako 300 profesional inguru elkartuko dira gaur, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, hizkuntza irakasleak gehien bat. Goizean zehar burutuko diren hitzaldien nahiz praktika onak partekatzeko saioen bidez, ikasgeletako egunerokoan berebiziko garrantzia duen gai horretan sakontzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek.

Hezkuntza Saileko arduradunek nabarmendu dutenaren arabera, Getxolinguae 2019 Eskolatze-hizkuntzak «berariazko trataera didaktikoa behar du, bai eskolatzearen hasierako urratsetan hizkuntzen inguruan hartu beharreko erabaki didaktikoak zehazteko, bai arlo guztietan hizkuntzen trataera integratuan eta integralean sakontzeko». Gainera, euren hitzetan, «hizkuntza akademikoa, harremanetako hizkuntza ez bezala, abstraktua, testuingurutik kanpokoa, formala da eta terminologia eta hizkera espezifikoak ditu. Beraz, lanketa integratu eta integrala behar du ikastetxe mailan». Gauzak horrela, aurtengo Getxolinguae jardunaldiak «hizkuntzak arlo guztietan duen garrantzia ikusaraztea» du helburu eta «jakintza-arloak eta hizkuntza elkarrekin uztartzeko moduak aztertuko» dira bertan.

Jardunaldiko lehen hitzaldia Gironako Unibertsitateko Josep Maria Serra irakasleak eskainiko du (Irakaskuntza eta Planifikazioko errektoreordea da), 'La importancia de trabajar la lengua en todas las áreas del currículo' izenburuko hitzaldiarekin ('Curriculumeko arlo guztietan hizkuntza lantzearen garrantzia'). Haren ondoren, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko Pilar Sagasta eta Karmele P. Lizarralde ikertzaileen txanda izango da: 'Nola artikulatu jakintza-arloa eta hizkuntza? Zenbait lanabes eskolan erabiltzeko' hitzaldia eskainiko du aditu honek.

Horrez gain, egun euskal ikastetxeetan abian diren praktika onak ezagutzeko aukera ere izango dute bertaratuek, eta baita beren gogoetak eta esperientziak gainerako profesionalekin partekatzeko ere.

Hezkuntza Sailak urtero antolatzen du Getxolinguae jardunaldia azken hamarkada luze honetan, hizkuntzen irakaskuntzan eta ikaskuntzan garrantzi bizikoa den edozein alderdiren inguruan. Hainbat urtez Getxon burutu ondoren –hortik hartzen du izena jardunaldian-, azken urteotan Bilbon antolatzen da bilkura, eta gaur, Bilboko Ingeniaritza Eskolan ospatuko da.